Gazte Asanblada agenda betetzen hasi da

Guaixe 2022ko ots. 2a, 08:54

Bere 40. urteurrena eta gaztetxearen 15. urteurrena ospatzeko apirila arteko agenda aurkeztu du. Aurreikusitakoen artean daude kontzertuak, hitzaldiak, mendi irteerak eta beste. Garagarrilaren aurreneko astean egitarau berezi izanen da. 


Makina bat etxarriar elkartu ziren gaztetxean ilbeltzaren 21ean, Etxarri Aranazko Gazte Asanbladaren (EGA) urteurrenen ospakizunen aurkezpenean. Izan ere, gazte erakundeak aurten 40 urte betetzen ditu eta gaztetxeak 15. EGAko kideen asmoa da urte guztian barna ekitaldiak antolatzea, COVID-19 gaitzak, hala ere, guztia baldintzatu duenez, momentuz, apirila bitarteko egitaraua aurkeztu zuten. Hori bai, gaztetxearen urteurrenarekin bat egiten duen egunean, garagarrilaren 7an, eta aurreko egunetan (3, 4, 5 eta 7an) jarduerak izanen direla jakinarazi zuten gazte erakundetik. 

Historia laburra 
EGAren zainak 1981era arte luzatzen dira. Urte hartan soldaduskara ez joateko gutuna jaso zutenak biltzen hasi ziren. Militarrek bidalitako gutunetan “no util” jartzen zuen, eta “inutil” haien urte hartan bertan aurreneko Inutilaren Eguna antolatu zuten. Bitartean gazte haiek biltzen segitu zuten, herrian zeuden gazteen hainbat gai lantzeko. Hurrengo urtean, 1982an, sortu zen EGA. Eta urte hartan bertan sartu ziren aurreneko emakumeak gazte asanbladan. 

Gazte erakundeko kideak Circulo Catolico eraikina zena okupatu zuten 1996ko martxoaren 9an. Eta 199an teilatua erori zen arte gaztetxe gisa erabili zuten kale Nagusiko eraikina. Egoitzarik gabe gelditzeak EGAren beherakada ekarri zuen. Harik eta gazte batzuk erakundea biziberritu eta kultur etxeko terraza azpian zegoen udal biltegian gaztetxea egokitu zen arte. 2007ko garagarrilaren 7az geroztik dago han gaztetxea. 

Egutegia 

  • Otsailak 4, ostirala Bakarlariak: Joxe Aldasoro eta Mikel Bermejo. 
  • Otsailak 10, osteguna Gizakunde. 
  • Otsailak 17, osteguna Andrekunde. 
  • Otsailak 19, larunbata Kontzertuak: Nafarroa 1512 eta Alerta Gorria. 
  • Otsailak 24, osteguna Garikunde. 
  • Otsailak 26, larunbata Zalduniyote. 
  • Martxoak 1, asteartea Astearteiyote. 
  • Martxoak 8, asteartea Kontzentrazioa: Emakume Langileen Eguna.
  • Martxoak 11, ostirala Jose Luis Erdozia Mauleon: Arañazko historia. 
  • Martxoak 18, ostirala Dokumentala. 
  • Martxoak 25, ostirala Kontzertuak: The Lio, Sofokaos eta Dinamita. 
  • Apirilak 1, ostirala Ostiela gaztetxien. 
  • Apirilak 2, larunbata 22. Korrikako kilometroa. 
  • Apirilak 9, larunbata Mendi martxa: Larrun.