Danbolintxulon dagoen kanpina udalarena da eta bere jabetza horretan hiru inbertsio egin ditu Etxarri Aranazko Udalak. Alde batetik, aterpea zaharkituta zegoela iritzita, hango sukaldea eta berogailu sistema osoa berritu da. Horretaz aparte, eraikina bera margotu du. Guztiak 18.820 euroko aurrekontua izan du. Bestetik, ibilgailu elektrikoendako karga puntua jarri du. Han haien bateriak bete ditzakete autoek, patineteek, bizikletek eta bestelako ibilgailuek. Hura jartzeko 13.800 euro pagatu ditu udalak. Azkenik, aldagelak, taberna eta jatetxea hartzen dituen eraikinean eguzki plakak jarri ditu udalak. Eraikinaren autokontsumorako izanen da han sortzen dena. Aurreikuspenen arabera, plakak jarrita urtero 5.000 eta 6.000 euro artean aurreztuko da. Horretara 42.710 euro bideratu ditu. Lan horiek guztiak diruzaintzako soberakinarekin egin ditu udalak.
Bestetik, 2020ko abenduan mustu zen autokarabanendako aparkalekua, Uharte Arakilgoaren ondoren Sakanako bigarrena izan zen. Hasieran aparkalekuko zoru guztia hareazkoa zen. Baina ibilgailuen sarrera-irteerak adierazteko, aparkalekuaren erdian porlanezko kale bat egin du udalak 10.500 eurorekin.
Beste inbertsio batzuk
Ur sarean ere konponketak egin ditu udalak. Aritzalko hotelaren ondoan ur ihesa zegoen. Ura alferrik ez galtzeko udalak erabaki zuen ostalaritza establezimendura ura beste toki batetik eramatea, eta, bide batez, ihesa zuen hoditeria betiko ixtea eta erabileratik kanpo uztea. Azken lan hori guztiz despeditzea falta da. Lan horien aurrekontua 12.000 eurokoa da. Diruzaintzako soberakinarekin finantzatutako lanen artean ere eskolen eraikinean egindako inbertsioak daude. Udalak 17.520 euro bideratu ditu: berogailua kudeatzeko zentralita berria jarri, Ikasnova gelako lehen fasea, ur beroaren biltegia berritu eta sarrerako atea berritu da.
Basoko hobekuntza proiektuetara 6.500 euro bideratu ditu, zehazki Auntzetxeko bidea konpontzeko. Sarraila elektronikoen sistema da Salto eta hura udal eraikin sarrera guztietan ezarri da. Horretarako, sarraila guztiak aldatu dituzte. Giltzak eta fitxeroa ezartzeko 6.500 euro ordaindu ditu udalak. Sistema horren bidez langileek lan orduak ere fitxatzen dituzte. Bestetik, futbol zelaiko sareak berritzeko 6.000 euro bideratu ditu. Zerbitzu anitzetako lantaldearendako obretako makineria eta tresneria erosteko 4.000 euro bideratu zituen Etxarri Aranazko Udalak.
Galdutako animaliak
Hiltegi zaharrean udalak 3.500 euro balio duten lanak egin ditu udalak, eta eraikinean jasotako animaliak gordetzeko tokia prestatu da. Beraz, animalien jabea agertu edo animalien babeserako elkarteak eraman arte txakurrak edo bestelako animaliak han gordeko ditu. Etxarri Aranazko Udalak, gainera, Maria Goikoetxea Otxoa de Erize albaitariarekin hitzarmena sinatu du. Bera arduratuko da jasotako animalien lehen arreta eskaintzeaz eta udalak ordaindu eginen du. Hitzarmen bidez arautu dute guztia, eta udalak albaitariari bere lanagatik ordaindu eginen dio.
Goikoetxeak azaldu duenez, “jendeak galdutako txakur edo katuren bat opatzen duenean, klinikara ekartzen dit. Halakoetan, lehenengo eta behin txipik ba ote duten begiratzen dut. Txipa badute, normalean ihes egindako animaliak dira. Txipeko datuen bidez nagusiarekin harremanetan jarri eta berak jasotzen du”. Albaitari etxarriarrak azaldu duenez, normalean galdutako txakurrak dira jendeak opatzen dituenak, katuren bat ere bai. “Urtean hamabost bat izaten dira, eta erdiek txipa dute. Gainontzekoak bazterren batean utzitako animaliak dira”.
Udalak horiek jasotzeko azpiegitura egin du hiltegi zaharrean. Txipik gabeko txakur bat jasotzen duenean Goikoetxeak animalia aztertu egiten du ongi ote dagoen jakiteko. Ondoren, dituen parasitoak hiltzen dizkio eta udal egoitzara eramaten du. “Han gaua pasatzen dute edo animalien babeserako elkartearen egoitzan tokia egon arte izaten dituzte. Bitartean, sare sozialen bidez, txakurraren berri ematen dut, ea horrela jaberen bat opatzen diodan. Eta, bide batez, elkarteari karga gutxitzen diodan”.