Foruzain bati patxaran botila botatzeagatik zigortuta

Guaixe 2022ko urt. 24a, 09:36

Foruzaingoaren ibilgailua hala gelditu zen. @policiaforal_na

Aldeek akordioa lortu ondoren, gazte etxarriarrak 28 hilabete eta 15 urteko espetxe zigorra onartu du. Fiskaltzak zazpi urte eta erdiko zigorra eskatu zuen.

Iruñeko Zigor Arloko 4. epaitegian defentsak eta fiskaltzak akordioa lortu zuten ilbeltzaren 20an eta, hori dela eta, 25 urteko gazte etxarriarrari kalteak konpontzea eta mozkor aringarriak ezarri dizkiote, bai lesioekin batera egindako atentatu delituagatik, bai kalte delituagatik. 28 hilabete eta 15 eguneko espetxe zigorra etenda geratu da, hiru urtean deliturik ez egiteko baldintzarekin. 

Gaztea foruzainek atxilotu zuten 2020ko abenduaren 5eko 22:00ak aldera. Fiskaltzak azaldu zuenez, kale edana saihesteko patruila lanetan ari zen patruila bat gazte talde bat ikusi zuen Etxarri Aranatz zeharkatzen duen errepidean. Gazteek edariak zeramatzaten eta musukoak ez zituzten jantzita (orduan derrigorrezkoa zen). Foruzainek patruila gelditu eta musukoak eraman behar zituztela, kale edana debekatuta zegoela eta sei pertsona baino gehiago ezin zirela elkartu gogorarazi zieten gazteei. Gazteetako batek patxaran botila bota zuen; ontzia polizia autoaren gidariaren leihotik sartu, gidatzen zegoen foruzainari kokotean jo eta atzeko ate bateko kristala hautsi zuen. Foruzaina arin zauritu zen. Horren ondoren ihesian joandako gaztea atxilotu zuten.

Fiskaltzak zazpi urte eta erdiko eskaera egiteko honako delituak egotzi zizkion gazteari: atentatua (lau urteko espetxe zigorra), lesioak tresna arriskutsuarekin (bi urte eta erdi) eta kalteak (urte bat). Horrekin batera, fiskaltzak bi ordainketa egitea eskatze zion auzipetuari: lesioengatik 2.344 euroko kalte ordaina pagatzea eta Nafarroako Gobernuari 244 euro.