Txakur krosa

Etxekoak podiumean

Maider Betelu Ganboa 2022ko ots. 8a, 12:00

Juan Bautista Urtasun, helmugara heltzen.

Etxarri Aranazko Txakurkrosak antolakuntzak espero baino partaidetza gehiago izan zuen: 128 partaide. Tartean lau sakandar zeuden, eta horietatik bi goiko postuetan sailkatu ziren: Israel Arbizu hasiberria hirugarren sailkatu zen txakur krosean, eta Juan Bautista Urtasun patinetan lehena izan zen

Hotz handiarekin –termometroak 0 azpitik 4,5 gradu jasotzen zituen goizeko bederatzietan–, baina eguzkia lagun jokatu zen Triku Trail taldeak Euskanikros elkartearen laguntzarekin eta hainbat babesleren sostenguarekin antolatutako Etxarri Aranazko Txakurkrosa. Uste baino partaidetza gehiago izan zuen probak. “Aurreko igandean 79 zeuden izena emanda, eta izena emateko azken lau egunetan beste 49 izena emate izan genituen. Guztira 128 pertsona animatu dira, espero baino gehiago, tartean emakume asko, eta oso pozik gaude. Ibilbidea ikusgarri dago, normalean lokatzez beteta dagoelako, eta ea goiz polita pasatzen dugun” zioen Etxarri Aranazko Txakurkroseko arduradun nagusiak, Triku Traileko Igor Artieda Galdeanok, guztia prestatzeko handik hona bueltaka zebilela. 

Patin eta bikejoring (bizikleta) modalitateetan parte hartu zuten 24 partaideek 9:30etik aurrera hartu zuten irteera, banaka, baina Etxarri Aranazko kanpinean lehenago hasi zen mugimendua, lasterketan parte hartu zuten partaide eta txakurrek albaitaritza eta material kontrola gainditu behar izan zutelako. “Hau hotza...” entzuten zen, guztia izoztuta baitzegoen. Baina mikrofonotik eguraldia lasterketarako primerakoa zela nabarmendu zuen Artiedak. “Txakurrendako batez ere, ezin hobea. Azken asteko izotzek ibilbidea lehortu dute eta, hortaz, gaur hegan egiteko aukera izango duzue. Disfrutatu” azaldu zien partaideei, irribarrez, probei hasiera eman baino lehen. Txomin Huartek egin zituen probako aurkezpen lanak eta irteera gunean Asier Beltza eta Igor Artieda ibili ziren partaideei irteera ematen. Triku Traileko gainontzeko kide eta boluntarioak ibilbidea ixten, markatzen eta bestelako lanak egiten aritu ziren. 

Hegan egin zuten
Juan Bautista Urtasun Perezek nahikoa lan zuen bere bi txakurrak lasaitzen. Biak txakur gazteak, euren lehen proba Etxarrikoa zen eta nabaritzen zitzaien. Patinetan lehiatu zen, eta irteera ikusgarria egin zuen urdiaindarrak. Beranduago abiatu zen Igor Lanz Rapun satrustegiarra, bikejoring edo bizikleta modalitatean ibilbidea osatzeko asmoz. 6 kilometroko ibilbide polita zuten aurretik, Beheko Basoan, Haritz Zaharren Ibilbidean barna. Ibilbide oso teknikoan, txakurren eta euren nagusien arteko elkar ulertzea primerakoa izan zen, ibilbidea ziztu bizian osatu baitzuten gehienek. Bikejoring eta patin modalitateak kontuan hartuta, ibilbidea osatzeko 12 minutu nahiko izan zituen azkarrenak, Iosu Varona Lazkoz donostiarrak (12:17, bikejoringa). Poz pozik iritsi zen helmugara. 16 segundo atera zizkion Ekaitz Erauskin hondarribitarrari (12:33, bikejoringa) eta 1:59 minutu hirugarrenari, Daniel Arenas zeanuritarrari (14:16). Juan Bautista Urtasun seigarren sailkatu zen sailkapen orokorrean, eta patinen modalitateetan lehena izan zen (15:06). Primerako lasterketa, hain zuzen ere. Igor Lanz satrustegiarrak eta bere txakurrak ibilbidea lasaiago egitea erabaki zuten eta 21. postuan sartu ziren helmugara (23:15). 

Txakur kroseko zalaparta
Patin eta bikejoring modalitateak bukatuta eman zitzaion hasiera txakur kros modalitateari, hau da, korrikalaria bere txakurrari lotuta korrika egiteko probari. 100 korrikalarik hartu zuten irteera, eta nabarmentzekoa da emakume askok parte hartu zutela. Korrikalariak hirunaka abiatu ziren, eta txakurrek irteeran sortutako zalaparta handia izan zen. Txakurrak irteera puntuan eustea zaila egin zitzaien askori. Bi sakandar aritu ziren, biak etxarriarrak eta biak proban mustu zirenak. Israel Arbizu Alberto zen bata, eta Harriet Artieda Diaz gaztea, bestea. 

Israel Arbizu maila handiko korrikalaria da, eta faboritoen artean ikusten zuten askok. Etxarriarrarendako bere lehen aldia zen txakur krosean, eta txakurra urduriegi jarriko ote zitzaion, beste txakurrekiko tentsio guneetan kasu egingo ote zion, horiek ziren bere kezka nagusiak. Bere lehen lasterketan oso ongi aritu zen, zirkuituko 6 kilometroak osatuta hirugarren sailkatu baitzen (19:11), Zaratamoko Edorta Zubiaurre txapeldunetik minutu pasara (18:02). Santo Domingo de la Calzadako Roberto Romo izan zen bigarren (18:31). 

Harriet Artieda Diez etxarriarra lehen aldiz aritu zen txakur krosean; ez, ordea, Luna bere txakurra. Aitarekin, Igor Artiedarekin, makina bat lasterketa egin izan ditu Lunak. Aitak animatuta eman zuen izena proban. “Animatuta edo derrigortuta, ez dakit, baina gustura” zihoen, irribarrez. Lasterketa polita egin zuen, 90. postuan sailkatu baitzen (32:56), probako bigarren juniorra.  

Bukaeran sari ematea izan zen, eta auzatea. Partaideak eta antolatzaileak, guztiak kontentu. “Jendea oso pozik dago, hori esan digute. Lagun arteko giro aparta egon da, eta denak pozik” nabarmendu zuen Igor Artiedak.