Etxarri Aranazko kultur emanaldiek arratsaldeko ordutegia izaten segituko dute

Alfredo Alvaro Igoa 2022ko ots. 7a, 10:17

Etxarri Aranazko kultur etxean jendea sartzeko itxoiten. ARTXIBOA

Garai batean 22:00etan programatzen ziren emanaldiak, baina pandemiaren eraginez 19:00etara aurreratu ziren

Aurki bi urte eginen ditu gure artean COVID-19 gaitzak, bizi ohiturak aldarazi dizkigun pandemiaren eragileak. Kulturan ere eragin nabaria izan du koronabirusak. Berarekin batera etorri ziren 2020ko martxotik aurrera hainbat osasun neurri bete beharra edota etxeratze aginduak, ordu jakin baterako guztiok etxean egotera behartzen gintuena. Etxarri Aranazko Udalaren Kultur Zerbitzuak pandemia aurretik emanaldiak 22:00etan programatzeko ohitura zuen, “baina ezarritako neurriengatik ordutegi hori ezin genuenez, 19:00etara aldatu genuen”, azaldu du Amaia Ijurra Araña kultur teknikariak.

Teknikariak gogorarazi duenez, 2020ko azaroan egin zuten ordutegi aldaketa. “2020ko udaberri eta udan ekitaldi gehienak kalean egin genituen, Etxarrin Uda Bizi programaren barruan. 2020ko azarotik gaur arte, ikuskizunak arratsaldez izaten ari dira” azaldu du Ijurrak. Gaineratu duenez, “publikoak ongi erantzun zuen; oso ongi 2020ko maiatzetik 2021ko udazkenera. 2021eko udazkeneko programazioan jende gutxiago etorri da eta ez dakigu zergatik”. Zehaztapena ere egin du teknikariak: “COVID-19 gaitzaren ondorioz, sarrera gehienak orain jendeak online erosten ditu, erosoa da haiendako”. Teknikariak baieztatu du, “printzipioz, momentuz, arratsaldeko ordutegiarekin jarraituko dugu”.