Futbola

Etxarrik Arenasen kontra hiru puntu eder lortu zituen

Guaixe 2022ko ots. 7a, 11:35

Preferente maila. Lehen multzoa. Hogeigarren jardunaldia: Etxarri Aranatz 1 – Arenas 0

San Donato futbol zelaiak Preferente mailari eusteko lehian dauden bi taldeen arteko partida hartu zuen, Etxarri Aranatzen eta Arenas taldearen artekoa. Bi taldeak azken jardunaldiak galtzetik zetozen, eta egoerari buelta eman nahi zioten. Partida oso lehiatua izan zen, baina lehen zatian Etxarri Aranatzek gehiago dominatu zuen. Horrela, 26. minutuan, Xabatek Arenasen atea zulatzea lortu zuen. Bigarren zatian indarrak parekatu ziren eta bi taldeak nor baino nor aritu ziren, baina Arenasek ez zituen gol aukera argiak sortu eta, azkenean, hiru puntu garrantzitsuak Etxarri Aranatzen geratu ziren. 

Injertok jarraitzen du Preferente mailako lider (47 puntu), hiru puntura Amigó taldea duela. Etxarri Aranatz hamalaugarren postuan dago, jaitsiera postuetan (19 puntu), baina salbazio postua puntu batera duela. Beraz, borrokan jarraitu beharra dute. Asteburuan sailkapenean 12 punturekin hamazazpigarren postuan dagoen Amaya izango dute aurkari. Partida honetan ere urrezkoak dira jokoan dauden puntuak eta lehia estua espero da.