Astearte ihoterako edo garizumaren aurreneko egunerako, hausterre eguna, hiru aste falta dira. Aurreko ostegunean, Gizakunderekin, etxarriarrek ihote ospakizunak abiatu zituzten. Garai batean gizonezko helduak ziren txatarraz jantzi eta herrian barna puska biltzea egiten zutenak, ondoren berendu afariak egiteko. Ostegunean kintoak izan ziren eskean atera zirenak txatarrez jantzita, hau da, zaku eta trapu zaharrekin.
Etxarri Aranazko ihote egutegiko bigarren ospakizun eguna gaur, otsailak 17, osteguna, izanen da: Andrekunde. Egun horrekin, garai batean, emakumezkoak ateratzen ziren eskatzera. Gaur, atzera ere, txatarrez jantzitako kintoak izanen dira eskean ariko direnak. Arratsaldean aterako dira, 19:00ak aldera. Hainbat etxeetako emakumezkok edo lagun taldek ere elkarrekin afaltzen dute. XX. mendeko 90eko hamarkadan emakumezkoendako herri afariak ere antolatu izan ziren.
Garikunden, otsailak 24, kintoak parean opatzen dituzten guztiak lasterka jarriko dituzte. Izan ere, zigorra eskuan, parean dituzten guztiak berotzeko asmoz aterako dira txatarrak. Garai batean haizez betetako maskuriak erabiltzen zituzten jotzeko, eta suko hautsa zikintzeko. Aspaldi borrokako eguna zen Garikunde; urte guztiko gorabeherak konpontzeko baliatu zitekeen, kolpeak debekatuta zeuden eta aurkaria lurraren kontra eustean zetzan borroka.
Etxarri Aranazko ihote ospakizunek beste bi egun dituzte. Zaldunihote. Berez, igandean ospatzen zen haur ihotea zen. Baina 2019an etxarriarrek larunbatera pasa zuten, herri-ihotea bihurtu. Negu akaberako ospakizunak astearteihotean despedituko da. Lagun koadrillak mozorratu eta afaltzera elkartuko dira.
Jatorria
Ihote ospakizunak hiru aste lehenago ospatzearen jatorria Eliza katolikoak herritarren bizia markatzen zuen garaian dago. Garizumak, Aste Santu aurreko berrogei egunak, garrantzi handia du Elizan, eta penitentzia eta barau garaia zen. Horregatik, herritarrek garizuma aurreko egunak gogoz disfrutatzeko baliatzen zituzten. Horretarako, puska biltzeak, txatarrez jantzi, musika, dantza eta abar egiten zituzten. Garizuma behar bezala prestatzeko haren aurreko hiru igandeak hartu zituen Elizak. Hori ikusita, etxarriarrek igande horien aurreko ostegunetan festa egiten hasi ziren. Horrela aurreratu zen ihote egutegia Etxarri Aranatzen.