Aizkora

Etorkizuneko aizkolariei gonbita

Guaixe 2022ko ots. 21a, 12:00

Juanjo Erdozia, Sakanako Aizkora Eskolako ikaslearen lana jarraitzen azkeneko Sakanako Herri Kirol Egunean.

Sakanako Aizkora Eskolan izena ematea zabaldu du Mank-eko Kirol Zerbitzuak, martxoaren 2ra arte. Juanito eta Juanjo Erdoziak 10 urtetik 20 urtera bitarteko gaztetxoak martxoaren 8tik maiatzaren 6ra trebatuko dituzte, asteartetan eta ostiraletan

Beste behin, eta badira urte batzuk, 18 urte inguru, Sakanako Aizkora Eskolak bere ateak zabalduko ditu. Martxoaren 8an abiatuko dira aurtengo eskolak, maiatzaren 6ra arte, eta aizkoraren sekretuak erakusteko prest daude Juanito eta Juanjo Erdozia aita-semea. Hain zuzen ere erdoziatarren borda izango da Sakanako Aizkora Eskolaren egoitza, Etxarri Aranatzen. Asteartero eta ostiralero 19:30etik 20:30era ariko dira lanean. 

Sakanako Aizkora Eskola 10 urtetik 20 urteko gaztetxoei dago zuzenduta. Tokia egonez gero, helduagoak hartuko lirateke. Eskolak primerako harrera duenez, izena ematea lehenbailehen egitea aholkatu dute Mank-eko Kirol Zerbitzutik. Martxoaren 2a baino lehen eman behar da izena, Kirol Zerbitzuan bertan ( 948 464 866). Prezioa 55 eurokoa da. Sakanako Aizkora Eskolarekin aizkoran aritu nahi duten gazteei herri kirol horretan trebatzeko baliabideak eta materiala eskaini nahi die Mank-eko Kirol Zerbitzuak. 

Juanito Erdoziak azaroan Irañetan antolatutako Sakanako Herri Kirol egunean azaldu zuenez, Sakanako Aizkora Eskolan 15 urte luze daramatza, “oso gustura”. “Neska-mutikoek ilusio handia dute eta gustura etortzen dira eskolara. Euskal Herrian aizkora eskola bakarra dago, eta guk ematen dugu. Euskal Herrian ez dago beste eskolarik. Kanpotik eskolara etorri nahi dute, baina ezin da. Ez dago tokirik. Berez, topea hamabi ikasletan dugu. Hamar urtetik hogei urtera bitartean hamabi aizkolari hartzen ditugu, baino aurreko urtean hamabost izan ziren. Bertakoak zirenez, pena ematen zigun kanpoan geratzea eta sartu genituen. Baina gehienez hamabost, bestela lan handia baita” nabarmendu zuen.