Hamazazpi gaztek osatzen dute aurtengo kintada: Izaro Begiristain Ugalde, Katrin Caro Mendinueta, Maider Maiz Ormazabal, Maddi Mariñelarena Etxeberria, Mikel Urrestarazu Peña, Iker Ijurko Goikoetxea, Naroa Tapie Beloki, Ayman Souri El Mechrafi, Jon Mintegi Ziordia, Jon Erdozia Urmeneta, Irantzu Lasa Urteaga, Iker Araña Orbegozo, Oihan Arana Zabala, Itziar Pineda Zapata, Maialen Biain Goñi, Mireia Larraza Urrea eta Pello Altzelai Karasatorre.
Guztiak gaur iluntzean elkartuko dira. Majo afaldu ondoren Tolosara joanen dira parrandan. Etxarrira bueltan, asteartean, 09:30ean jarri dute hitzordua. Baserritarrez jantzita eta buruan ttutturra (koloretako kono moduko txanoa) dutela, Zidakos txaranga lagun dutela herrian barnako kalejiran ibiliko dira. Ibilbidean kinto eskean ariko dira gazteak, parranda eguneko gastuak ordaindu ahal izateko ditu eske. “Kintuendako pixkat” eskatu ondoren, majo bazkalduko dute. Ihote kalejira egin eta plazan auzatea eskainiko dute. Bukatzeko, kintoek ihote ospakizunekin bat eginen dute.
Etxarri Aranazko kintoak Olentzerori bidea suziekin erakusten aritu ziren abenduaren 24an. Urte zahar egunean kinto eskea egin zuten herrian barna. Bestetik, ihoteetako gizakunde, andrekunde eta garikunde plazan izan dira. Kinto batzuek txatarraz mozorrotu eta zigorra eskuan jendea berotzen zuten bitartean, beste batzuek dendetan eskatu zuten, afaria egiteko. Haien egitekoak ez dira despeditu larunbat eguerdian, zalduniyoten, haurrendako jolasak prestatu eta astearteiyoten auzatea eskainiko baitute. Horretaz aparte, Etxarriko hiru jai egunetan Dantzakia dantzatuko dute: San Kirikon, San Adrianen eta Ama Birjinaren egunean.