Asteartean izanen da Emakume Langilearen Eguna eta horren kontura Etxarri Aranazko Udalak antolatutakoak larunbatera aurreratzen dira. Eguerdian, 12:00etatik 14:00etara, plaza Txoko Lila bihurtuko da, hau da, berdintasunean hezteko espazio. Jokoen, jardueren eta dinamiken bidez, berdintasuna, aniztasunarekiko errespetua, elkarrekiko errekonozimendua, autonomia eta erantzunkidetasuna sustatuko da. Aldi berean, plazan bertan, Emharik, Etxarri Aranazko joskintza taldeak, joskintza taldeko lanen erakusketa jarriko du. Taldetik emakumezkoen arteko aliantzak josi nahi dituzte: “josteak ahaldundu egiten gaitu. Sortzea eta berrerabiltzea delako gizarte kapitalista honen aurrean errebelde izatea”. Horrekin batera, asteartean, 12:00etan, Etxarri Aranazko plazan kontzentrazioa eginen da.