Kerobiaren unibertsoak

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mar. 9a, 13:30

Kerobia taldea. UTZITAKOA

Iruñeko taldea sortu zutenetik 20 urte bete dira, eta, atseden tarte baten ondoren, 'Hilak' diskarekin eta kontzertu birarekin itzuli da. Taldekide berrien artean Lur Larraza Lopez gitarrajole etxarriarra dago.

Lurra desagertu da eta gizadia globo kosmikoetan bizitzera joan da. Globo bakoitzak istorio bat du kontatzeko, eta horretaz Kerobia taldea arduratu da. "Kerobiak beti izan du zerbait berezia eta beti istorio bat kontatzen du, kontaketa bat dago egiten duen guztiaren atzean". Lur Larraza Lopez etxarriarrak aspaldi ezagutzen zuen taldea, 2006. urtearen inguruan haiekin lanean hasi zelako, Gor disketxean lan egiten zuenean. Disketxearekin Rose Escarlot diska kaleratu zuten, taldearen bigarrena. "Beraiekin aritzen nintzen road manager moduan; han ezagutu nituen".

Taldea sortu zutenetik 20 urte pasa da, baita Larrazak taldea ezagutu zuenetik ere "denbora asko" pasa da. "Baina oso gustuko nuen musika zela oroitzapena daukat. Garai horretan oso proposamen interesagarria egiten zutela iruditzen zitzaidan, eta gaur egun ere, euskal pop soka horrekin jarratzen dute". Kerobiaren istorioak eta soinua bereziak dira, estilo oso propioa dute. "Garai horretan, 2000. hamarkadaren hasieran, talde desberdinak agertzen ari ziren, baina estilo horretan ez". Zuzenekoetan duten "posea" ere nabarmendu du Larrazak.

Kosmoa
Rose Escarlot diskoaren ondoren Materia organikoa eta gainerakoak (2008), Papera eta kartoia (2009) eta Ontziak (2010) disko trilogia kaleratu zuen Kerobiak. 2008. urtean ere Y las Ardillas Magicas disketxea sortu zuten, eta 2012. urtean Supernova diskoa crowfounding bidez sortu zuten. 2014ean gero arte esatea erabaki zuten. "Urte batzuk haiekin lanean egon nintzen, baina gero bakoitzak beste ibilbide bat hartu zuen, haiek ere utzi zuten...". Taldea desegin zenean, nahiz eta oso ongi ez duen oroitzen,"penarekin" hartu zuen erabakia Larrazak: "ordurako lagunak nituen eta ni beti oso ondo egon naiz beraiekin, oso gustura ibili naiz lanean". Baina, azekenean, talde batean egoteak asko eskatzen duela esan du: "energia asko, sakrifizio asko..."

Duela hiru bat urte Xabi Bandini, Kerobia taldeko abeslaria eta konpositorea, musika eszenara itzuli zen. Biba! proiektua martxan jarri zuen, eta Larraza proiektuaren parte zen. Momentu batean Bandinik taldekide izatea proposatu zion, eta, azkenean, Larrazak baietz esan zuen. Perkusio jotzailea zen. Pandemiak bigarren diskoaren aurkezpenarekin harrapatu zituen.

"Istorio guztia hasi zen Kerobiak 20 urte betetzen zituelako". Momentu horretan, 2021. urtean, Xai Bandinik eta Alberto Isabak Gertutik deitutako ikuskizun bat zuten, eta Vianan ikuskizuna egin ondoren taldearen urteurrenaz gogoratu ziren. "Zerbait egin behar genuela azteratzen hasi ziren, eta hiru kontzertu egiteko aukera sortu zen". Taldekide zaharrak urteurren birako kontzertuak egiteko prest zeuden. "Horrela sortu zen itzultzearen ideia, 20 urteurrenagatik zenbait kontzertu emateko intentzioarekin".

20. urteurreneko hiru kontzertuak oso arrakastatsuak izan ziren. "Espero genuena baino gehiago, lagun batzuk elkartuko ginela uste genuen, baina ez genuen espero etorri zen guztia. Egia da hito bat izan zela". Kerobiaren estilo eta unibertso bereziak berriz ikusteko gogoa zegoen. "Aurreko bateria jotzaileak esan omen zuen ikusita funtzionatzen zuela ea ez zuten talde berriz hartzen, indarberritzen, eta Kerobia berriz hasten". Eta horrela izan zen, nahiz eta hasiera batean Xabi Bandinik ez zuen oso argi ikusten. Baina, azkenean, Kerobia itzuli da.

Imaginarioa
Larrazari baietz esatea ere kostatu zitzaion. "Gehien bat nire lanbidearekin talka egiten duelako batzuetan, eta gauzak oso ondo ordenatu behar izaten ditut, oraindik ere". Kerobian "errebotean" sartu zela azaldu du, "musikari berriei planteatu ziguten aukera hori zegoela, eta, azkenean, aurrera egin nuen". Taldean sartzen "oso ondo" joan dela esan du Larrazak, "imaginario bisuala ezagutzen nuelako". Xabi Bandini ahotsa eta gitarristak, Carlos Colina teklatu jotzaileak, Alberto Isaba baxuak, Eneko Requetibate bateriak eta Larrazak osatzen dute itzuleraren talde berria.

"Kerobiaren unibertsoak oso bitxiak dira. Oraingoan mundua amaitu da, eta badaude globo kosmiko batzuk unibertsoan. Batzuk ezin dira mugitu, beste bat galdu bat...". Errealitatearekin "puntu bat" duela azaldu du musikari etxarriarrak: "Globo batean gerra zegoen, bestea zoriontsu bizi dira, beste batean galdu dira...". Gizartearen ispilu moduko bat.

Kerobia beti "gauzak oso politak eta detailearekin" egiten saiatu dela azaldu du Larrazak. "Ezagutzen zutenek eskaintzen dioten maitasun hori nabaritzen dute". Hogeigarren urteurrenerako Konstalazioa binilo berezia kaleratu zuten. Bertan Kerobiaren ibilbidearen abesti garrantzitsuenak bildu zituzten. Harekin batera Hondakinak diskoa kaleratu zuten ere, bere garaian diskoetatik kanpo gelditu ziren abestien bilduma. "Batzuk lokalean grabatuta daude, mikro bakar batekin".

Hilak deitzen da Kerobiaren itzulera diskoa eta zortzi abestiz osatuta dago. Martxoaren 12an birarekin hasiko dira, Bilboko Kafe Antzokian. Ondoren, martxoaren 18an Andoingo Basteron joko dute, 20an Ondarroako Beikozinin eta apirilaren 8an eta 9an Iruñeko Zentralen eta Gasteizko Jimmy Jazzen ariko dira. Bira apirilaren 23an amaituko dute, momentuz, Donostiako Dokan.