Martxoak 8 zela eta, Etxarri Aranazko Udalak kontzentrazioa deitu zuen astearte eguerdian eta 70 bat pertsona elkartu ziren plazako estalopean. Silvia Marañon Chasco alkateak hartu zuen hitza eta nabarmendu zuenez, “pandemiak lehendik zetozen krisiak areagotu besterik ez ditu egin eta bereziki gogorra izaten ari da prekarietatean eta eskubide urraketan murgilduta bizi direnendako”. Mugimendu feministaren esanak bere egin eta gaineratu zuenez, “izaki zaurgarriak eta oso mendekoak gara: alde batetik, naturarekiko mendekoak, eta, bestetik, elkarren mendekoak, gure gorputzak bizitza osoan zaindu behar direlako, intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin. Eta ondo dakigunez, patriarkatuak nahitaez esleitu dizkie emakumeei bizitza zaintzeko lanak”.
Errealitate “gordin” horren aurrean, “gure herriak, eta, bereziki, askotariko gizarte-, emakume- kolektiboek eta kolektibo feministek ez dute itxaron gobernuek jardun dezaten. Erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortu, proposamenak eta aldarrikapenak jaso, eta topaketa eta elkarrizketa guneak bultzatu eta indartu behar ditugu, arlo publikoan eta komunitarioan erantzun egokiak emateko egungo erronka handiei”, esan zuen alkateak. Marañonek gaineratu zuenez, “burujabetza behar dugu denon artean erabakitzeko zer esan nahi duen bizitzaren zaintzak gure herriarentzat eta nola antolatu nahi dugun”.
Horrekin guztiarekin “bat datozen ekintzak, baliabideak eta aurrekontuak” behar direla gaineratu zuen Marañonek. Ziurtatu zuenez, “kontua ez da soilik murrizketarik ez egitea, baizik eta, kasu askotan, aurrekontu horien orientazioa eta ikuspegia iraultzea, benetan eta eraginkortasunez erantzun diezaieten gizarte kolektibo askoren premia larriei, emakume askok bizi duten desberdintasun arrakalari, osasuna babesteko eta zaintza baldintza duinetan emateko eta jasotzeko premiei, eta abarri”.