Pilota

Joanes Bakaikoa Baikon 2025era arte

Guaixe 2022ko mar. 11a, 12:10

Joanes Bakaikoa Baikoko kontratu luzapena sinatzen. BAIKO PELOTA

Aurrelari etxarriarra "oso pozik" dago kontratu luzapena sinatu izanagatik. Gaur, ostirala, Promozioko Binakako finalera sailkatzea du jokoan

Joanes Bakaikoa pilotaria eta Baiko Pilota enpresa akordiora iritsi dira eta aurrelari etxarriarrak Bilboko enpresan jarraituko du beste hiru urtez, 2025eraino. Baikoa oso kontentu dago bere kontratua berritu izanagatik. “Oso pozik nago kontratu luzapenarekin. Akordioak kirol maila onean harrapatu nau eta oso pozik nago enpresak nigan erakutsitako konfiantzagatik. Konfiantza hau kantxan erakusten saiatuko naiz”. 

Gaur, ostirala, Promozioko finalerdia jokoan
Joanes Bakaikoari kontratu luzapenak Binakako Promozio finalerdietan bete betean dagoela harrapatu dio. Ostiralean, Mallabian du hitzordua, 22:00etan hasiko den jaialdian. Elizegirekin bikotea osatuta, Victor eta Gaskue izanen dituzte aurkari hil ala biziko lehian, Promozio mailan ez baita finalerdietako ligaxkarik jokatzen, kanporaketa zuzena baita. Bakaikoak eta Elizegik txapelketa oso ona egin dute orain arte eta hasierako ligaxkako sailkapenean bigarrenak sailkatu ziren, Salaberria eta Erostarberen atzetik, eta zuzenean sailkatu ziren finalerdietarako. Alde horretatik faboritoak dira, baina Victor eta Gaskue ere oso maila onean daude eta finalerdi oso estua dute aurretik Bakaikoak eta Elizegik.