Astekaria

"Kantautore jaio nintzen, kantak sortzea behar bat da"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mar. 14a, 14:00

Iñaki Auzmendik (erdian) Lakuntzan eskaini zuen kontzertuan; Ana Turcan eta Juanmi Arzelusekin. UTZITAKOA

Urte amaieran 'A Sembrar' diskoa kaleratu zuen Iñaki Auzmendi Lacunza Etxarri Aranazko musikariak. Lakuntzako kultur etxean aurkeztu zuen.

Askatasunari, justiziari eta berdintasunari kantatzen dio Iñaki Auzmendi Lacunza abeslari etxarriarrak. Oso gazte zela, hamahiru edo hamalau urterekin, idatzi zuen bere lehenengo kanta, eta gaur egun, zenbait hamarkada beranduago, oholtzaren gainean jarraitzen du. Hiru disko kaleratu ditu: Raíces de piedra y esperanza (2014), Momentos (2016) eta, azkena, A sembrar (2021). Gizarte arazoak, herri txikien desagerpena, borrokarako grina eta abar dira Auzmendiren abestien gai nagusiak; konpromisoa eta aldarrikapena. Azkena, intimoagoa dela esan du abeslariak, eta pertsonengan oinarritu da ere. Larunbatean Lakuntzako kultur etxean diskoaren aurkezpen emanaldia egin zuen Ana Turcan biolin jotzailearekin eta Junmi Arzelus gitarra elektriko jotzailearekin.

Kantautorea zara. Zer esan nahi du horrek?
Kantautorea izatea da adierazi nahi izatea norberak ikusten duena eta norberak bizi duena musikaren eta bertsoaren bidez. Ez diot poesia deituko, baina letren eta musikaren bidez adieraztea. Bizitzen ari zaren errealitateari zentzu bat eta ispilu bat ematen diozu. Kantautorea izateak ere esan nahi du kritiko izatea, gizakia eta gizartea barrutik begiratzea. Kantautore bat jaiotzez denean, ni kantautore jaio nintzela, abestien bidez momentuko gizartearen isla bilakatzen da.

Kantautore jaio zinela esan duzu. Noiz hasi zinen?

"Askatasunaz eta berdintasunaz hitz egitea behar izan nuenean hasi nintzen"

Ez dakit nola sortu zitzaidan zehazki. Nik uste bakoitza den modukoa dela, eta barrutik nuen zerbait zen. Gogoan dut txikitan, Etxarri Aranazko eskolan, poesia, narrazioa, kontatzea, islatzea eta abar gustatzen zitzaidala. Kritikoa nintzen ere, eta inguruan zegoenaz hausnartzea gustatzen zitzaidan. Baita musikari ere, nola ez. Txikitatik egon nintzen musika eskolan; aitari musika asko gustatzen zitzaion, eta oso gaztetik solfeora joan nintzen. Abesbatza zegoen ere... Orduan, bi gauzak elkartzen dira, idazteko nahia eta gogoa eta musika, eta hori sortzen da. Garaiko kantautoreetatik edan nuen ere, Paco Ibañez, Victor Jara eta abar. Eragiten zidaten musikariak izan ziren.

Zein momentutan erabaki zenuen kantautorea izango zinela?
Gauzak kontatu eta idatzi behar nituela sentitu nuen momentuan. Askatasunaz eta berdintasunaz hitz egitea behar izan nuenean. Lehenengo abestia hamahiru bat urterekin idatzi nuen, eta errezitalen bat zegoenean eta nire abestiak kantatzeko aukera ematen zidatenean, bertan aritzen nintzen. Publikoaren aurrean kantatzen nituen abesti horiek, eta disfrutatzen nuen komunikatzen eta transmititzen; bizitza musikaren bidez elkarbanatzea gustatzen zitzaidan. Gero etenaldi bat izan nuen ezkondu nintzenean eta haurrak izan nituenean, kontzertuak alde batera utzi nituen, baina gero berriro itzuli nintzen. Labordetari Madrilen egin zioten kontzertu batean itzuli nintzen. Niretzako kantautore izatea bizitza da. Ni autore kantaz bizi naiz. Jateko beste zerbait egiten dut, baina honetaz bizi naiz.

Nola sortzen duzu?

"Konpromiso bide horretan jarraitzen dugu; berdina pentsatzen jarraitzen dugu"

Nik uste lehenengo gauza dela, behintzat nik, nire esperientziatik horrela egiten dut, gizartea modu kritikoan hausnartzea. Horregatik kantautoreak pixka bat arraroak garela esaten dute. Esaten digutenean: "Baina orain askatasuna dago". Ez, orain ez dago askatasunik. "Baina orain berdintasuna dago!". Ez dago berdintasunik. Askatasuna oso gaizki erabiltzen den hitz bat da. Oraindik abesteagatik jendea kartzelan dagoenean, nola esan daiteke askatasuna dagoela? Emakumezkoen eta gizonezkoen artean dauden desberdintasunak ikusita, nola esan daiteke berdintasuna dagoela? Edota gizarte desberdintasunak... Gauza horik ahaztu egiten zaizkigu kontsumo gizarte honek akomodatzen gaitu egoera batera non uste dugun gauza asko izateagatik zoriontsu garela. Nik ikusten ditut gauza asko ez zaizkidanak gustatzen, eta abestien bidez horiek kritikatzen ditut. Eta horregatik kantautoreak deserosoak gara. Horregatik ere gutxieneko kontzertuak ditugu. Jendeak dantza egin nahi duelako, ez ditu arazoak entzun nahi. Paco Ibañezek dio, 87 urte dituela, dagoeneko ez direla kantautore abestiak egiten. Orain maitasunaz eta abar hitz egiten duten abestiak egiten dituzte, baina kantautoreen abestiek konpromisoa behar dute izan; gizartearekiko konpromisoa. Hori ez da egiten. Gelditzen gara lau inguru. Gaur egun, jendeak ez du hausnartzen. Guk abesten genion askatasunari. Gogoan dut Fermin Valentziarekin kantatzen nuenean, gabon kantak ere zentsuratzen zizkiotela. Bide horretan jarraitzen dugu; berdin pentsatzen jarraitzen dugu.

Urte amaieran 'A sembrar' diskoa kaleratu zenuen. Zer kontatzen du?
A sembrar diskoak gauza intimoei buruz hitz egiten du; pertsonei buruz hitz egiten du; harritzen zaituen gauzei buruz, zerbait esaten dizutenak, eta gizarteari buruz hitz egiten du. Abesti bat, esaterako, Falsa utopia da: bizitzaren arlo utopiko hori galdu dugu, eta dagoeneko ez du ezerrengatik borrokatzea merezi badirudielako dena lortu dugula. Utopia hori behar dugu merezi duten gauzengatik borrokatzeko. Abesti intimoagoak daude, adibidez, Canción para soñar. Herri txiki batean bizi den homosexual baten inguruan hitz egiten du, gaur egun adinekoa dena, eta bere duintasuna, jarrera eta abar goraipatzen ditu. Beste abesti bat Pablorendako da, nire lagun bat, down sindromea du eta nire abesti guztiak dakizki. Abrirás tu ventana abestia emakume ezagun batendako da. Egun batean kafetegian berarekin elkartu nintzen, eta zer moduz zegoen galdetzean, medikuarenetik atera berri zela esan zidan eta bularreko minbizia zuela esan ziotela. Ez nekien zer esan, eta abesti bat idatzi nion. Gero, A sembrar abestia dago, diskoari titulua ematen diona. Diskoaren laburpen moduko bat da: ezinegonak, denak eztanda egiteko pizten duen sugarra, borrokara itzultzea... Volverás a besar el agua herriei eskainitako abestia da, lehen herrietan iturrietara joaten zen jendea ura hartzera eta bertan gertatzen zirenak. Alde batetik, disko intimoa da, eta, bestetik, gizartearen alde oso garrantzitsu bat dago.

Pandemiak disko honen sorkuntzan zerikusirik izan du?
Ez, inolaz ere ez. Badira artista batzuk esaten dutenak pandemia sortzeko baliatu dutela. Nire kasuan, ez. Nik ez dut pandemia ezertarako baliatu. Berdin jarraitu dut. Izorratu nau besteei bezala, eta abestiren bat sortu dut, baina beti bezala.

Sortzen jarraitzen duzu?
Bai, noski. Nik ez ditut abestiak sortzen diskoak sortzeko. Duela gutxi Madrilen egon nintzen kontzertu bat eskaintzen, eta lagun batek esan zidan diskoa sortzeko abestiak egin zituela, eta orain Mexikora joango zela. Nik ez. Nik abestiak egiten ditut eta iruditzen zaidanean nahikotxo ditudala, diskoa aurkeztea erabakitzen dut. Gaur egun, gainera, diskoa sortzea zerbait oso zaharra da; dagoeneko ez daude CD erreproduktoreak ere. Gaur egun, Interneteko plataformak daude, bertan ere banago, Spotify-n. Diskoa ateratzen duzu etorkizun batean diskoa kaleratu zenuela esateko, baina gutxi gehiagorako.

Lakuntzako kultur etxean kontzertua eskaini zenuen. Zer moduz joan zen?
Oso gustura egon nintzen. Gainera, poztu ninduen bertan zegoen pertsona bat ikusteak, Juanjo Olasagarre. Olasagarrek diskoaren liburuxkarako abestien letrak euskaratu ditu, eta errespetu handia diot. Oso gustura egon ginen, zoriontsu. Lakuntzako Udala asko maite dut askatasunarekiko eta kulturarekiko oso konprometituta dagoelako. Eszenatoki oso polita prestatu zuten, diskoarekin bat egiten zuena.

Ez zinen bakarrik egon.
Juanmi Arzelus arbizuarrarekin eta Ana Turcan moldabarrarekin jo nuen. Taldea sortu dugu eta oso pozik nago. Madrilen Libertad 8 aretora joaten naizenean bakarrik joaten naiz. Baina kontzertu batean kantautorearen kantak artisau moduan jo behar dira. Musikak artisautza izan behar du, eta ongi prestatu behar da dena. Akorde bakoitza entzun behar da. Niri ez zait gustatzen banda bat kantautorearekin, norberaren erabakia da. Uste dut zerbait xumea izan behar duela. Beti esaten dut zumeko saski zahar batean, baina garbi eta duin batean aurkeztu behar den zerbait dela. Zerbait oso garbia. Orduan, bi musikari hauek aurkeztea zerbait oso xumea da, eta ni oso gustura nago, nire estilokoa da.

Zer geratzen zaizu egiteko?
Egiteko geratzen zaidana da beti egin dudana egiten jarraitzea. Eta jarraituko dut egiten. Hau behar bat da. Hemendik urte batzuetara agian beste disko bat kaleratuko dut. Nork daki. Konpromisoarekin jarraituko dut eta borrokatzen jarraituko dut, sistema kapitalistak jartzen digun erosotasun honek guztiz ez etsiitzeko. Beti borrokatzeko zerbait dagoela ezagutaraziz jarraituko dut. Hor arantza bat daukat, estilo honetara fidel mantentzen gaituena. Estilo bat non ez dituzun El Corte Ingles-en diskoak salduko, eta ez duzun bizitza musikalean modu merkantilista batean egongo. Baina fidelak gara; horrelakoak gara, eta horrela jarraituko dugu.

Zer gertatzen da kaleratzen ez diren abestiekin?
Bertan daude. Bertan gelditzen dira. Maitasunarekin ikusten dituzu, baina gauza batengatik edo besteagatik ez zaituzte asetzen. Baditut batzuk. Egunen batean, agian, hartuko ditut eta hobetuko ditut. Obraren zati bat da, bertan dagoena, baina edozer gauzagatik atera ez direnak. Orain beste diskoen abestiak prestatzen ari gara kontzertuetan eskaintzeko. Baina beste abesti batzuk ez dira inoiz aterako.

Non eskura daiteke diskoa?
Niri edo Binario estudiora deituz. Webunean ere eskura daitezke, baina eguneratu behar dut.