Bizitzaren hutsuneak, zalantzak eta hautaketak

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mar. 22a, 12:37

Dominika 'Titika' Recalt eta Josune Gorostegui antzezleak. UTZITAKOA

Udalbiltzaren 'Geuretik sortuak' ekimenaren barruan Bonbon Beltz konpainiak 'Harri minak' antzezlana sortu zuen, eta martxoaren 25ean Etxarri Aranazko kultur etxean emanaldia eginen du. "Zuloak" eta zalantzak dira lanaren oinarria.

Bonbon Beltz antzerki konpainiak Oñatin egin zuen Udabiltzaren Geuretik Sortuak proiektuaren egonaldia. "Bertan ikerketak egin ditugu eta jakin genuen ia hiri perfektua zela: kooperatibak, auzalana, autonomia energetikoari buruz gauza asko egin dituzte, Internet sare bat sortu dute, gizarte aktiboa da, euskalduna... Dena perfektua dirudi, ez da dago nonbait zulorik?", azaldu du Domika Titika Recalt antzezleak. Eta zuloak topatu zituzten; lur azpian. "Kobazuloak badira Oñatin, asko, mendian, Arantzazuko aldarea ere lurretik gora doan zuloa da". Datu horiek guztiak hartuta eta "abanikoa" Euskal Herri osora zabalduta, "Oñatin sortu behar genuelako, baina beste herritan ere ulergarria izan behar zuelako", konpainiak Harri minak antzezlana sortu zuten. Martxoaren 25ean, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean emanaldia eginen dute.

"Oñati hiri perfektua zirudien, baina zuloak aurkitu genituen, lur azpian"

"Zuloaren ideiarekin jolastu dugu. Euskal Herriaz hitz egiten dugu, sareak eraiki behar direla, baina hortan ere zuloak badirela. Gizarte antolakuntzari buruz, baita guk pertsonalki eta aktore bezala erakusten dugunaren azpian zer dagoen ere". Harri minak "zalantza bidaia" da: sorkuntzaren zalantzak, Euskal Herriaren inguruko galderak, pertsonak bezala dituzten zalantzak... Bi aktore agertzen dira, kobazulo bat zeharkatzen, espeleologoak balira bezala, eta bat-batean blokeatuta sentitzen dira. "Bi zulo agertzen dira, bi aukera, baina zein aukeratu?". Antzezlanak, beraz, bizitzan egin behar diren aukeraketei buruz hitz egiten du. "Momentu batean oholtzan gaude eta esaten dugu: 'Erabaki bat hartu behar dugu, publikoa ordu barru etorriko da eta oraingoz ez dugu erabakirik hartu". Harri minak izenburua Oñatiko kobazulo horiei garrantzia emateko modu bat da, metafora bat izan daiteke ere bai: "Herri minak, gure minak, zalantzak, galderak...".

Egonaldia
Udabiltzak sustatutako Geuretik sortuak ekimenean artistek egonaldi artistikoak egin dituzte zenbait herritan. Bertako errealitatean, historian eta abarretan oinarritu behar ziren haien lana sortzeko. "Guri Oñati egokitu zitzaigun. Bidaia asko egin ditugu. Mugimenduko feministako gazteekin egon gara, etorkinei harrera egiten dietenekin, kooperatibako kideekin, zinegotziekin, Arantzazun egon gara, Arrikutz kobazulora bisita egin dugu, historialariekin... ez ditut denak gogoan, baina Oñatin inplikatutako pertsonekin egon gara".

Kondea eta Txantxikuak aipatu ditu Recaltek, XIX. mendera arte konde baten menpean zegoelako Oñati, eta "esker txarrekoa" zen. "Saltoka sartu behar ziren jauregira, eta horregatik txantxikuak edo igelak deitzen zitzaien". Menkotasun hori ere antzezlanean erakutsi dute: "Guk dauzkagun gure menpeko espazio propioak; errealitate hori zabaldu dugu". Datuak jaso ondoren inprobisazioaren bitartez datu horiek "probatu" zituzten. Amancay Gaztañagak zuzendu ditu, "fintzen eta egokitzen joan gara, emaitza hori oholtzara eramateko".

Geuretik sortuak ekimenean parte hartzea "oso interesgarria" izan dela esan du Recaltek. "Lan hori gabe, nik ez nuke Oñati ezagutuko". Orain ekimenean parte hartu duten zenbait herritan, Etxarri Aranatz tartean, antzezlanaren emanaldia eginen dute, "eta inoiz bisitatuko ez genituzke lekutatik pasa gara". Batzuetan "nekagarria" den arren, "ofizioaren" barruan dago. Pandemiarekin dena "blokeatuta" zegoen eta aukerarekin "oso pozik" daude, baina Recalten ustez instituzioen lana izan beharko luke.