Errigorako produktuak dastatzeko pintxo-potea

Guaixe 2022ko mar. 24a, 10:04

Iruñeko geltokin aurkeztu zuten kanpaina berria. ERRIGORA

Gaur arratsaldean Derry, Xapatero eta Leku Ona tabernetan.

Martxan da Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina, aurten Oinak lurrean leloa duena. Errigorakoen asmoa da “pitteka elikadura burujabetzarako bidea egitea”. Udaberriko kanpaina horren bidez urte guztirako bertako oliba-olio birjina estra, kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskatu daitezke, euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan. Eskaerak eta informazio eskaerak hilaren 30era arte egin daitezke www.errigora.eus web orriaren bidez. 

Produktuak zein diren ezagutarazteko Etxarri Aranazko Errigorako boluntarioek pintxo potea antolatu dute ostegunerako, Derry, Xapatero eta Leku Ona tabernetan Errigorako kanpainako produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izanen dute edaria eskatzen dutenek. 

Errigorak estreinako kanpaina 2014an egin zuen eta gero eta gehiago dira kontsumitzeko erak aldatzeko hautua egin duten herritarrak eta, ondorioz, gero eta gehiago ekoizteko erak aldatzen ari diren nafar ekoizleak. Joan den urteko kanpainan, esaterako, 8.200 etxetara iritsi ziren eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta banatu zituzten.