Pilota

Joanes Bakaikoa, Binakako txapelik gabe

Guaixe 2022ko mar. 28a, 10:30

Irabazleen poza eta galtzaileen tristura. IÑAKI PORTO

Promozioko Binakako final handian Zabalak eta Etxeberriak 8 tantotan utzi zituzten Bakaikoa eta Elizegi

Promozioko Binakako txapela lortzea zen Joanes Bakaikoa etxarriarraren ilusioa, aurretik zituen Promozioko Buruz Buruko txapelari eta Lau eta Erdiko bi txapelei gehitzeko. Iker Elizegirekin batera txapelketa erregularra eta bikaina eginda, finalerako “oso gogotsu eta konfiantzarekin” iritsi zen bikoa, baina aurrean beste fenomeno batzuk zituzten, txapelketan behetik gora egin eta finalera ere konfiantzarekin iritsi ziren Javier Zabala eta Oier Etxeberria. 

Labrit beteta eta sekulako giroa zegoela ekin zioten bi bikoek finalari. Lehia oso estua espero zen, baina kolore bakarra izan zuen: Zabalaren eta Etxeberriaren urdina. Euren estrategia argia izan zen: Joanes Bakaikoa ekiditea. Horrela, ia konturatu gabe 1 eta 7 aurreratu ziren. Hala ere, Bakaikoak eta Elizegik ez zuten behera egin eta bi tanto jarraian egin zituzten. Tarte horretan Zabalak Oier Etxeberria lagundu zuen eta Aspeko bikoteak tarte ederra ateratzea lortu zuen: 5 eta 12. Bakaikoa ez zegoen batere eroso eta bere etsipen keinuak oso adierazgarriak ziren.  

Atsedenaldiaren ondoren Baikokoek 8 eta 12 gerturatzea lortu zuten, baina Zabalak eta Etxeberriak sufritzen jakin zuten, ongi eutsi zuten eta txapelarantz joan ziren jarraian. Jokoan goitik behera nagusitu ziren, eta Joanes Bakaikoa eta Iker Elizegi jokoz kanpo utzi eta partidatik guztiz atera zituzten, 8 eta 22 gailenduz. Material biziak baldintzatutako finala izan zen, eta Javi Zabalak eta Oier Etxeberria hobeto egokitu ziren.

Partida bukaeran Joanaes Bakaikoak azaldu zuen moduan, “Zabala eta Etxeberria hobeak izan dira, partidatik atera gaituzte eta haiek zoriontzea, ez dago besterik”.