Futbola

Etxarri Aranatz jaitsiera postuetatik atera da

Guaixe 2022ko mar. 28a, 11:50

Preferente maila. 26. jardunaldia: Etxarri Aranatz 1 – Ilunberri 0

Etxarri Aranatzek Ilunberri taldea hartu zuen San Donato futbol zelaian. Hasieran Ilunberrik hartu zuen agintea, baina ez zuten Eukenek defendatzen zuen atea zulatzea lortu. Etxarri Aranatz hobetzen hasi zen eta bi taldeen indarrak parekatu ziren. Etxarri Ilunberriren atera iristen hasi zen, arriskua sortuz, baina sortutako gol aukerak ez zituen gauzatu. Bigarren zatian jokoa zeharo aldatu zen. Ilunberri defendatzera mugatu zen, jokalari bat gutxiagorekin geratu baitzen, kontraerasoan mina egiteko itxaropenarekin. Partida bukatzeko minutu bat falta zenean Mattinek Etxarriren garaipenaren gola sartu zuen, jaitsiera postuetatik ateratzeko baliagarriak izan ziren hiru puntu oso garrantzitsu ekarri zituenak. 

Injertok jarraitzen du Preferente mailako lider (63 puntu) eta Etxarri Aranatz hamahirugarren postuan dago (26 puntu), jaitsiera postuetatik aterata. Asteburuan sailkapenean bosgarren den Amigó taldearen kontra lehiatuko da, Iruñean, eta kategoriari eusteko borrokan garaipenaren bide horretik jarraitu beharko du Etxarrik.