Kaotiko taldeak hogei urte baino gehiago bete ditu oholtzaren gainean, baina urteurren borobilak pandemiaren erdian harrapatu zituen. Baita Aprende violencia 2019an kaleratutako diskoaren bira ere. Hortaz, 2022. urtea disko berriarekin hasi zuen Aguraingo taldeak: Sin filtro. Diskoaren birarekin bete-betean ari da orain. Besteak beste, gaur Zamoran eta larunbatean Leonen joko du. Kaotikoren hamaikagarren diskorako azken aldian bogan dauden filtroak kendu, eta taldaren esentzia eta, aldi berean, garapena entzun daitezke.
'Sin filtro' deitzen da azken diskoa. Zergatik?
Nolabait gure aurpegia erakusten dugula esateko. Taldean nolakoak garen erakusteko, filtrorik gabekoak; gure musika eta letrak argi eta garbi gelditzen dira, ez dago zalantzarik. Musikaren munduan gauza digital asko egiten dira, estudioan aldaketa moldaketa asko, baina guk disko hau grabatu dugu lehen grabatzen genuen bezala: bateriak ez ditu partxe askorik, dena nahasketa analogikoa da, gitarran ere ahalik eta gauza digital gutxien erabili ditugu, baita ahotsan ere. Kaotikoren erradiografia bat da.
Hasierako esentziara itzuli zarete?
Grabatzeko moduan, bai. Musika eta letra aldetik ildo bat jarraitu dugu. Gure lan dinamika denborarekin aldatuz joan da, baina oraingoan pixka bat atzera egin dugu. Ez musikarekin, gure nortasuna beti hor dagoelako, baina disko batetik bestera aldaketak egon dira. Azkenean, normala da. Beste garai batzuk dira. Baina gure esentzia beti dago hori. 1980ko hamarkadako kutsua duen diskoa dela uste dut.
Beraz, nolakoa da?
"'Sin filtro' diskoak gure nortasuna darama; guretako lan borobila da"
Diskoak gure nortasuna darama: letra zuzenak eta argiak, buruak astintzeko edo kontzientziatzeko. Musika aldetik badaude abesti azkarrak, geldoagoak, 1980ko hamarkadako kutsu elektronikoak dituztenak... Garaietara moldatu gara. Guretako lan borobila da. Harrera oso ona izan du, esaterako, espezializatutako prentsan, eta hori kontzertuetan nabaritzen da. Oso pozik gaude.
Zertan desberdintzen da?
"Estilo bat markatu dugu, eta entzutean berehala entzuten da Kaotiko dela"
Letrak ez dira duela 20 urtekoak bezalakoak. Behintzat gauzak esateko modua aldatu da. Gure ideiak beti hor egon dira, baina adierazteko modua aldatu da. Musika aldetik garapen bat egon da, nahiz eta gure esentzia beti mantendu. Gure musika ez da oso teknikoa, baina badira gauza batzuk aldatzen direnak, eta beste batzuk mantentzen ditugunak; koroak eta estribillo zorrotzak eta itsaskorrak. Hortan nabarmentzen da diskoa. Estilo bat markatu dugu, eta gure estilo hori hor dago. Entzutean berehala ohartzen zara Kaotiko dela.
Zer diote letrek?
Asko, zoritxarrez, orain dela 20 urteko letrak izan daitezke. Gizartea ez doa hobetzen, eta esan daiteke okertzen ari dela ere. Hori kritikatzen dugu. Egoera soziala eta politikoa, baita ingurugiroa gaizki tratatzen dugu ere. Beste batzuk parranda letrak dira, horrelakoak beti dugu baten bat, eta sentimendu letrak daude ere: Tu hogar esaterako kanpoan zaudenean eta etxera itzultzen zarenean sentintzen duzun hori kontatzen du, eta Mi inspiración-ek norbait falta zaizunean sentitzen den horri buruz hitz egiten du. Non Servium taldeko Carlitosek idatzi zuen Ane nire lehengusinagatik, duela hiru urte joan zitzaigula, eta niri eta familiari eskainitakoa da. Denetarik dago.
Pandemiako diskoa dela esan daiteke?
Pandemia hasi zenean Aprende violencia diskoaren biraren erdian harrapatu gintuen. Hasieran pentsatu genuen laburragoa izango zela, baina luzatzen ari zen, ari da, eta ikusten genuenez luzerako joko zuela, zerbait berria kaleratzeko aukera bezala ikusi genuen, disko berria atzean geldituko zelako. Gogoa genuen, eta lokalean egoteko denbora gehiago genuen ere, beti grabaketak kontzertuekin batera izan ditugulako, eta oraingoan lokalean ordu pila bat egon gara lan handia egiten. Produktorerik gabe egin dugu, guk dena egin dugu ahalmena dugulako. Egoerarekin pixka bat behartuta, baina gogo handiarekin.
Nolakoa izan da oholtzara itzultzea?
Hiru bat kontzertu jendea eserita, maskara jantzita eta edaririk gabe egin genituen. Arraroa zen. Edozein taldearendako arraroa da, baina rock talde batendako are gehiago. Jendeak behar zuelako uste genuelako egin genituen, jendea animatzeko. Harreman hori ez da normala, baina beno. Gu ere desoxidatzen joateko eta dinamika berriz hartzeko. Normaltasun honetara itzultzea izugarria izan da. Jendeak kristoren gogoak ditu kontzertuak entzuteko. Sei kontzertuetatik lautan sarrerak amaitu dira, eta besteetan oso gutxigatik ez dira amaitu. Giro aparta, eta sentsazio oso onak.
Kaotikok 20 urte baino gehiago bete ditu. Belaunaldi askotako jarratzaileak dituzue.
20 urte opari bat da. Ez nuen pentsatuko horrelako talde batean jarraian egotea, eta nire bizimodua bihurtzea. Taldeak zortea du belaunaldiz belaunaldi matendu delako eta jarraitzaileak gehitu direlako. Gertatu izan zaigu, lehen zurekin parrandan zegoen jendea orain familiarekin etortzea kontzertura. Sentsazio arraroa baina polita da.