Zabalaren heriotza argitzea exijitu dute

Guaixe 2022ko mar. 31a, 11:02

Zabalaren senideek lore sortak jaso zituzten larunbatean. @EgiariZor

Bertsio ofiziala ondoren opatutako frogek indargabetu zutela nabarmendu zuten eta egia jakiteko Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eskatu zuten, egia jakiteko garaia dela gaineratuz.

Estatuko indarkeriaren biktimak biltzen dituen Egiari Zor fundazioak, Josu Zabala Salegi hilik agertu zela 25 urte bete zirelako ekitaldia antolatu zuen Etxarri Aranatzen. Maria Jesus Salegik, amak, ekitaldian hitza hartu zuen familiaren helburu bakarra egia exijitzea dela esateko. Nabarmendu zuen bere semea ez zuela bere buruaz beste egin eta egiaren bila auzitegi guztietara jo dutela. “Zerbait berria esan nahi genuke, baina ez da aurrera egiteko modurik egon”, gaineratu zuen. 

Egiari Zorren izenean Eneko Etxeberriak hartu zuen hitza eta indarrean den Sekretu Ofizialen Lege frankista salatu zuen, gaineratuz: “ezin da ustezko nazio segurtasuna erabili ez giza eskubideen urraketak estaltzeko ezta erantzukizunak ez argitzeko ere”. Etxeberriak gaineratu zuenez, “ozen diogu, determinazio osoz jarraituko dugu gure senideen heriotzen Egia bilatzen, zabaltzen eta oroitzen”.

Fundazioak, bideo bidez, adierazi zuen Zabalak “bere buruaz beste egitearen bertsio ofizialak hutsune gehiegi” dituela. “Zantzuengatik agerikoa da ez dela suizidioa, ez zen Mendata puntan hil, hiru egun desagertuta egon zen eta heriotzaren lekua prestatua izan zen, norbaitek prestatuta”. Fundazioko kideek egia jakin nahi dute: “zer gin zuten Josurekin? 25 urte eta gero galdera gehiegi erantzunik gabe diraute. Egia jakiteko garaia da. 25 urte bertsio ofizial zitala eraiki zenetik, ez duena inolaz ere, Josuren heriotzaren inguruabarrak argitzen”.