Mendi lasterketak

Triku Trailerako izena ematea gaur zabalduko da

Guaixe 2022ko api. 1a, 10:00

Etxarri Aranazko VIII. Triku Trail mendi lasterketa ekainaren 26an jokatuko dute. Partaidetza kopurua zabaldu dute, 400 korrikalarira arte.

Ekainaren 26an, igandean, jokatuko dute Triku Trail lasterketa, Etxarri Aranazko kanpinetik. Antolatzaileek ohiko ibilbideari eutsi diote (21 km eta 1.400 metro desnibel positibo) eta izena ematea gaur, apirilak 1, ostirala zabalduko da, 20:00etan, Kronoak webgunean. “Izena ematea noiz zabalduko ote genuen, mezu ugari jaso ditugu azkenaldian eta horregatik irekiera noiz izanen den argi jakinarazi nahi dugu. Gaur, ostirala izanen da, arratsaldeko zortzietan. Ordu hori aukeratu dugu korrikalariei izena ematea errazteko, ahalik eta jende gehienak libre izan dezan. Eta arratsaldez lan egiten dutenek ere aukera izan dezaten” azaldu du Triku Traileko Asier Beltzak. 

Gehienez 400 partaide
Aurreko urtean ordu bat eta 9 minututan bete ziren antolakuntzak zituen 250 dortsalak. Aurtengo nobedadea da parte hartze kopurua zabaldu dutela. “Lasterketak duen arrakasta ikusita, gehienez 400 partaiderendako azpiegitura prestatzea erabaki dugu. Dena den, nahiz eta kopurua zabaldu, norbaitek Triku Trailean parte hartu nahi duela argi badu, izena ematea lehenbailehen egitea gomendatzen diogu, tokia ziurtatzeko” gaineratu du Beltzak.