Gaixotasun larriak dituzten 19 presoak askatzeko eskatuko dute

Guaixe 2022ko api. 6a, 11:42

Jon Gurutz Artola Maizaren askatasuna eskatzen. ARTXIBOA

Bihar, 19:00etan, plazan. Egoera horretan dauden presoen artean dago Jon Gurutz Maiza Artola etxarriarra. Preso horiek sendatzeko espetxeetako salbuespen-politika desagertzea eskatuko du Sarek.

Osasunaren Nazioarteko Eguna da heldu den asteartea. Data hori baliatuz, Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonen egoera plazaratu nahi du kontzentrazio baten bidez. Sarek jakinarazi duenez, 19 dira larriki gaixo dauden euskal presoak. Eta horien artean dago Jon Gurutz Maiza Artola etxarriarra, Martuteneko kartzelan preso dagoena. 

Sarek euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika salatu du. Ekimeneko kideen iritziz, politika horrek gaixo dauden presoek gaixotasunari aurre egiteko aukerak txikitzen dituela diote, haien ustez ez baitu behar bezalako osasun zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen. Saretik azaldu dutenez, presoen osasun egoeran laguntzen ez duten beste faktore batzuk dira gertukoen babesa murritza izatea, eta bizi baldintza duinak edo konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak. Saretik azpimarratu dutenez, “lege arruntaren aplikazioak, larriki gaixo diren presoak etxean egotea ahalbidetuko luke, beraien gaitza era ahalik eta egokienean artatuz, ahal dela, hura gainditzeko helburuarekin”. 

Salbuespen legedia ez ezik, espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak ere ezbaian jartzeko eguna da apirilaren 7a. Espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen. "Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere. Ezin dugu onartu segurtasun-politiken aitzakiaren pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du", adierazi dute Saretik. 

Nahiz eta azkenaldian, larriki gaixo dauden preso batzuekin pauso garrantzitsuak eman diren, politika honen ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak gara espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak gora egin baitu azken urteetan. Espetxe politikak eta espetxeak, bertan preso diren pertsonen biziaren ardura dute beregain. Eta arduraz jokatzea dagokie, heriotza ate joka izan aurretik. 

Sareko kideek aitortu dutenez, “espetxe politikaren baitan egoera aldatzen hasi den arren, oraindik ere, preso askok honako egoerei aurre egin behar diete: urruntzeak dakarren bakardadeak, zigorraren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpenak eta hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko ezintasunak eragin zuzena dute preso dagoen pertsonaren osasunean, eta ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak…” Gaineratu dutenez, kontuan hartu behar dela preso gehienak “orain arte betetako zigorraren zatia lehen graduan edota isolamenduan pasa duela”.