Aaron Arbizu

"Etxanizen abisua jaso nuenean, ezin nuen sinistu"

Maider Betelu Ganboa 2022ko api. 7a, 14:30

Aaron Arbizu, Etxarri Aranazko parkean.

Aaron Arbizu Albertok apirilaren 8an debutatuko du Aspeko atzelari gisa, Irurtzunen. Ezkurdia izango du bikote eta aita ponteko, eta Victor eta Zabaleta izango dira euren arerioak. 

Profesionala dela jabetzea oraindik kosta egiten zaiola aitortu du Arbizuk.

Martxoaren 25ean afizionatuko azken partida jokatu zenuen Irurtzunen. Partida berezia izan al zen?
Bai. Irurtzun klubeko Olaetxearekin bikotea osatuta, profesionaletatik erretiratu berri den Bengoetxea VI.a eta Bergera taldekidea izan genituen aurkari. Partida gogorra izan zen, polita, huts gutxikoa. Bengoetxeak erakustaldi bikaina egin zuen, Olaetxea oso fin aritu zen eta Bergerak, puntako afizionatuak, eta nik gogor astindu genuen pilota. Azkenean 22 eta 18 irabazi genuen. Oso gustura jokatu genuen, eta jende dezente hurbildu zen partidara. Profesionalen debutean frontoiari tamaina hartzeko ongi etorri zitzaidan. 

Afizionatuetan palmares polita lortu duzu: aurten Elgoibarko San Anton Torneoa irabazi duzu, eta iaz GRABNI Torneoa eta Zumaiako Dinastia Etxabe Torneoa.
Joan zen urteko udan hasi nintzen nabarmentzen. Kolpez freskoago nengoen eta nabaritu zen. Lau torneotan sailkatu nintzen finalerako eta horietatik hiru irabazi nituen, aipatutakoak eta Lodosan txapeldunorde izan nintzen. 

Betidanik Irurtzun pilota klubean jokatu izan al duzu?
Jaioterrian hasi nintzen, Etxarri Aranatzen, baina gehienek futbolaren alde egin zuten, eta orduan Altsasuko pilota eskolara joan nintzen. Jubeniletan Irurtzun taldera aldatu nintzen eta gaurdaino. Hemendik aurrera ezingo dut Irurtzun klubeko lagunekin horrenbeste egon eta horrek ere pena ematen dit, ez pentsa. 

Irurtzungo presidente Miguel Berazak dio oso langilea zarela eta horregatik egin duzula gora.
Pilotari batzuei txikitatik ikusten omen zaie pilotarako dohain edo ezaugarri bereziren bat. Sekulako eskuinkada, tantoak bukatzeko erraztasuna, jokatzeko postura… Miguelek esan zidan txikitan niri ez ninduela ezaugarri edo ukitu berezirik ikusten, baina lan eta lan, eta borrokatzeagatik iritsi naizela honaino. Borrokatzen lortu dudala gora egitea. 

Asperen deia ez omen zenuen inondik inora espero. 
Aspekoekin zenbait entrenamendu saio eginak nituen, eurek hala eskatuta, baina profesionalekin entrenamendu batzuk egitea, hori zen asmo bakarra. Egun batean nagusien aurrean entrenamendu bat egitera deitu gintuzten eta han aritu ginen pare bat pilotari afizionatu. Egun horretan bertan Jokin Etxanizen abisua jaso nuen nire datuak eskatzen. Ezin nuen sinistu. Kontratua sinatzera Eibarrera joan nintzenean esan zidaten nire lana gustatu zitzaiela eta nolabaiteko potentziala ikusten zidatela. 

Asperen proposamena berehala onartuko zenuen. 
Halako aukera bat ezin da alperrik galdu. Gainera, nire lana –Ramoseko elektrikaria– eta pilota profesionala uztartu ahal ditut. Ramosen lanaldi erdian lan egiten utzi didate. Goizez entrenatuko dut eta arratsaldez lan egingo dut. Lanarekin jarraitzea garrantzitsua da niretzat, bururako gehienbat. Urduria naiz, eta gustukoa dut ordutegi itxiak izatea eta lanpetuta egotea. 

Zu igotzeak Irurtzun klubari ere prestigioa emango dio.
Baietz pentsatzen dut. Ni joan naiz, baina Irurtzunek bi atzelari on dauzka. Bergerak bikain jarraitzen du eta Lazkoz ere oso ona dator. Pilotari osoa da. 

Zer nolako atzelaria zara?
Fisikoki partidak nahiko ongi aguantatzen ditut, nahiko fresko bukatzen dut. Soilik pixka bat lehertuta bukatu izan ditudan bi partida ditut gogoan. Eta eskuinarekin erraz mugitzen dut materiala. 

Israel anaia korrikalari bikaina da eta zu pilotari profesionala. Kiroletarako berezko dohainen bat al duzue?
(Kar, kar…) Nik uste gene horiek amaren aldetik etortzen zaizkigula. Ama afrikarra da, Angolakoa, eta nik uste gorpuzkeran nabaritzen zaigula. Anaiak txikitatik kiroletarako berezko ezaugarriak zituen: pilotan jokatzen zuen, futbolera aritzen zen... eta oso ongi. Erraztasun gehiena korrikarako zuen. Bazirudien hegaka joaten zela, zuzen-zuzen. Hari ikustean bazirudien korrika egitea erraza zela, eta gero zu hasten zinen eta... ai ama!

Sekulako debuta jarri dizute Irurtzunen apirilaren 8an, ostirala, goi mailako partida. 
Bai, partida polita, indartsua. Ezkurdiarekin bikotea osatuko dut eta Victor eta Zabaleta ditugu arerio. Niretako hirurak goi mailakoak dira. Eta ni hor tartean. Frontoira sartu arte, ez dut sinisten. 

Entrenamenduak egokitu behar izan dituzu?
Gimnasioko prestakuntzan Iker Tainta prestatzaile lesakarrarekin jarraituko dut lanean, Arbizun, berarekin asko hobetu dudalako. Bestalde, Jokin Etxanizek pilotaz asko daki eta zerbait aldatzeko proposatu izan didan bakoitzean, berari kasu egin eta guztia aldatzen zen. Beraz, Etxanizi kasu egiten jarraituko dut, eta Aspeko entrenamenduetan ariko naiz. 

Etxarri Aranatz pilotarien jaioterria da. Beste profesional bat izatea gauza polita da. 
Jendea pozik dago. Hala diote, behintzat. Eta etxean ere bai. Aitak beti esaten zidan noizbait profesionaletara iritsiko nintzela. Eta amak esaten zidan ez etsitzeko, borrokatzen jarraitzeko. Eta hara!

Etxarriarrak zure debuta ikustera joango dira?
Herri guztia joango dela, hala esaten dute. Miguel Berazak eskatu zidan nahi nituen sarrerak azkar erreserbatzeko, izena ematea zabaldu eta bi ordutan sarreren %80 saldu zela. Debutaren aurretik Promesen Buruz Buruko partida bat jokatuko da, Elordiren eta Salaberriaren artekoa, eta jaialdira jende asko etorriko da. 

Zu ere noizbait halako txapelketetan aritzera iritsiko zara. 
(Kar, kar…) Horretarako pilotari gogor eman beharko diot.