Eskolak plazan festa antolatu du

Guaixe 2022ko api. 8a, 13:27

Eskolatik plazara eramanen dute festa bihar. ARTXIBOA

Larunbatean, 12:30etik aurrera herri guztiari zabalik dagoen ospakizuna antolatu du San Donato eskolako guraso elkarteak. Haurrak, gurasoak eta irakasleak elkarrekin ongi pasatzeko eta bestelako harremanak sortzeko modua izan nahi du.

Pandemiak duela bi urte bertan behera utzi zuen eskolako festa antolatuko du azkenik San Donato Eskola publikoko guraso elkarteak. “Pentsatu genuen urtean behin elkarrekin ongi pasatzeko eta gainontzeko guztiei zabalik egonen zen ospakizun bat antolatzea polita litzatekeela”, azaldu du guraso elkarteko kide Urko Mauduit. Gaineratu duenez, “gurasoek eskola atarian edo eskolaz kanpoko ekintzetan bat egiten dugu. Irakasleak ikasleekin dute harremana eta gurasook irakasleekin. Ez gara nahasten eta festa txiki horrekin denak elkarrekin ongi pasa dezakegula erakutsi nahi dugu. Komunitatea sortzeko modua izan nahi du”. 

Komunitatea, ikastetxea, baina baita herria ere. Horregatik, festaz gozatzera etxarriar guztiak gonbidatu dituzte. “Haurrek ongi pasako dute. Eta pandemiaren ondoren, jendea ere horretarako gogoz dago”, azaldu du Mauduitek. Bazkaltzeko 150 pertsonak baino gehiagok eman dute izena. Erantzunarekin pozik daude guraso elkartean.  Guztia antolatzen 25 bat guraso izanen dira. 

Guraso elkarteak antolaketan laguntza izan du. Alde batetik, eskolaren eta irakasleena. Klaustroaren bilera batean azaldu zieten egitasmoa eta parte hartzera eta bazkarira gonbidatu zituzten irakasleak. Bestetik, Sakanako gainontzeko eskola publikoetako guraso elkarteak gonbidatu dituzte. “Bakoitzak tarta bat ekarriko du, zozketatzeko. Gainera, kide batzuk bazkaltzera geldituko dira”, azaldu du Mauduitek. Udalaren laguntza ere izan dute antolaketan. 

Egitaraua 

  • 12:30 Erraldoiak eta gaitariak.
  • 13:30 Hasiera ekitaldia.
  • 14:30 Bazkaria.
  • 16:00 Bazkalondoa Etxarri Kantuzekin.
  • 17:00 Herri kirolak.
  • 18:30-20:30 Xaiborrekin dantzaldia.
  • 18:45 Auzatea.
  • Egunean zehar tarta eta opari loteen zozketa.
  • Arratsaldean xake partidak eta eskolaz kanpoko jardueretan egindako lanen erakusketa.