DNA. Nafarroako Dantza Garaikidea arte programaren barruan, besteak beste, apirilaren 20an eta 21ean, Etxarri Aranazko kultur etxean, Ghislaine Veranok gidatutako Bitartekaritza proiektu integrala dantza ikastaroa izanen da, 10:30etik 12:00etara. Gorputzaren soinuak dantzariaren proiektuaren barruan ere instalazioa ikusteko aukera izanen da tailerra iraun bitartean eta apirilaren 22an, 18:00etatik 20:00etara. Tailerrean parte hartu nahi dutenek 6060239008 zenbakira Whatsapp mezu bat edo kultura@etxarriaranatz.eus helbide elektronikora idatzi behar dute, eta izena emateko epea apirilaren 19an amaituko da.
Zertan datza Bitartekaritza proiektu integrala tailerra?
Teoria pixka bat eta praktika pixka bat lantzen diren tailerrak dira. Kasu honetan, nire lanean barneratzen dira.
Eta zertan datza zure lana?
Lengoaia eszeniko berriak lantzen ditut. Mugimenduaren arteak eta abar. Oraindik definitzen ari gara zer egiten dugun. Arauetatik atera gara, eta dantza eszeniko lan ohikoetatik atera gara. Bitartekaritza lan hau oinarritzen da orain arte topatu ditugun dantza lanetatik urruntzen diren proiektuetan jendeak zer aurkitu dezakeen eta zer ez, nolakoa izan ikusle eta abarretan.
Ikusleak aipatu dituzu, baina zer egingo dute tailerreko parte hartzaileek?
Bi zati planteatzen dira. Lehenengoan, normalagoa dela esango nuke: taldea murriztuagoa da eta teoria ematen da gehien bat. Helburua lengoaia berriak eta etortzen dena ulertzen da: zer den nire lana klase batean azalduta. Hurrengo klasean, ikuslea integratzen dugu emanaldi bat izango litzatekeen lan batean. Orduan, parte hartzaileak publiko gisa daude, baina batzuetan nahi badu nire lan eszeniko proposamenean parte har dezake. Beti pertsonen nahietara egokitzen gara, ez da inoiz pertsona bat ezer egitera behartzen. Beraz, egon zaitezke ikusle gisa edo lan horretan sar zaitezke. Esperientzian parte har dezakezu.
Bi eguneko tailerra da, ordu eta erdi saio bakoitza. Noraino irits daiteke? Zenbat barneratu zaitezke mundu horretan?
Proiektuaren atzean ordu asko daude. Tailerrean lehenengo zatian gainetik gabiltza, teoriaren pintzelada batzuk ematen ditugu. Beste pertsonen lana eta nire lanaren inguruko azalpenak ematen ditugu. Bigarren egunean horrelako proposamen bat izan daitekeenaren adibide bat bizi dute. Pieza bat izan daiteke, baina bertan barruan egon daitezkeenen ideia bat ematen dizu. Azkenean, zentzu horretan nahiko osatua gelditzen da. Lengoaia guztiei buruz hitz egin nahiko bagenu askoz denbora gehiago beharko genuke.
Hamabost pertsonako taldeak izan behar dute. Baina nori zuzenduta dago?
Lehenengo eguneko saioan gehienez hamabost pertsonak parte har dezakete. Talde txikia izan behar du. Bigarren egunean sar daiteke jende gehiago; ikuskizun batera etorriko balira bezala. 16 urtetik gorakoendako jarri dugu, baina egia da gazteagoak ere etor daitezkeela. Oso txikiak ez, aspertu daitezkeelako. Baina dantzan eta mugimenduan interesa duten gazteek bai parte har dezakete. Banguardietan interesa dutenek, dantza garaikidean, asko lantzen dut meditazioa ere, beraz, yoga egiten duen jendeak edo meditazioan eta gauza izpiritualetan interesa dutenek... Gauza hauek gustatzen zaizkion jendea engantxatu daiteke. Eta, nola ez, dantza egitea gustatzen zaion jendeari eta gorputzarekin eta gorputzaren lanarekin konektatzea gustatzen zaion jendeari ere zuzenduta egon daiteke. Hori da bidea.
'Gorputzaren soinuak' deitzen da. Izenburuak aurrerapen bat egiten du?
Ni aspaldi ari naiz zentzumenekin lanean. Orduan, lantzea geditzen zitzaidan gauzetako bat soinuaren zentzumena zen. Ni soinuetatik hasi, gorputzak egiten dituen soinuak, baina baita kanpo soinuetara joan ere. Soinu horiek, bai gorputzekoak bai kanpokoak, nola jartzen diren harremanetan nire gorputzarekin. Gainezka egiten didan zerbait da; lilurazioa eta eromenaren artean nago. Dena hartu nahi dut, eta ez da posible. Soinuaren gaiak askorako ematen du. Gai oso zabala da, eta nik asko ikasi dut, orduan, informazio asko daukat. Baina nik gehienbat lantzen dut soinuek nola eragiten didaten eta nire gorputzak soinu horrekin zer egin behar duen. Nire gorputzaren barrenetik entzuten ditudanarekin edo kanpotik entzuten ditudanekin. Hainbeste gauza dira... Nire gorputzaren mikrokosmosa agertzen da kanpoko soinuekin. Bihotzaren taupadak kanpoan islatzen dira... Kanpoko soinuak lantzen barrukoak ere lantzen ditut, eta alderantziz.
Apirilaren 20an, 21ean eta 22an izen bereko instalazioa egonen da ere kultur etxean. Zertan datza?
Nik dudan pieza bat erakusten da. Nire introspekzio lanarekin zerikusia du: zer naizen eta zer den mundua. Ikus-entzunezko instalazio bat da, dagoeneko sortua dagoeneko, eta jendea ikustera pasa daiteke. Errealitatearen gainean egina dago: errealitatea existitzen den edo ez, edo etengabe mugitzen den zerbait den.
Aurretik Etxarrin Aranatz ezagutzen zenuen?
Duela zenbait urte euskal dantza taldeari klaseak eman nizkion; ballet eta gorputz konzientzia. Haur talde batekin aritu nintzen.