Lehen sektorea plazara

Guaixe 2022ko api. 21a, 10:02

Etxarri Aranazko plaza jendez beteta. ARTXIBOA

Igandean Amalurra azoka eginen da, 10:00etatik 14:00etara. Salmenta postuez aparte, haurrendako tailerra, mahai-ingurua eta zikiro errea dastatzeko aukera izanen dira

Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, Sakanako abeltzain eta nekazariak biltzen dituen Belardi elkarteak bederatzigarren Amalurra azoka antolatu du, Etxarri Aranazko eta Sakanako Garapen Agentziarekin (SGA) batera. Amalurra azoka igande goizean Etxarri Aranazko plazan izanen da. SGAko elikadura teknikari Nerea Viana Zugadik azaldu duenez, “edizio honetan jarraikortasuna emanen diogu urte hauetan Sakanan azoka gardenak eta bidezkoak berreskuratzeagatik egin izan dugun esfortzuari”. 

Antolatzaileek aldarrikatu dutenez, “nekazari eta abeltzainok berebiziko garrantzia dugu gure elikaduran, herrien garapenean, tokiko ehun sozioekonomikoan eta ingurugiroaren eta paisaiaren zaintzan”. Gaineratu dutenez, “gurea lanbidea aukera duina eta etorkizunez betea izan daiteke gazteendako, modu sostengarrian eta tradizionalean ekoiztutako elikagaiez hornitzen dugu gizartea, konfiantzan oinarritutako erlazio zuzenen bidez. Lurretik platerera eramaten ditugu, produktu goxoez aparte, jakintzak, identitatea, kultura eta bizimodua”. 

Amalurra azokatik pasatzen denak Sakanako ekoizleen eta Bizilurreko salmahaiak opatuko ditu. Azken horiek ardoa, olioa eta bestelakoak ekarriko dituzte. Ekoizleak beraiek zuzenean salduko dituzte haiek sortutako produktuak. Besteak beste, gazta, barazkia, ardoa, eztiak eta bestelakoak eskuratu ahalko dira. Gainera, artisau batzuk ere beraien postuak jarriko dituzte. Horrela, azokak, bertako produktuei eta ekoizteko moduari ikusgarritasuna emanen dio. 

Mahai-ingurua, eta gehiago
Azokaz aparte izanen da gehiago. 12:00etan, plazan bertan mahai-ingurua izanen da. Hizlariek bertako ekoizpen eta kontsumo iraunkorra: abeltzaintzaren eta landa eremuaren etorkizuna gaia izanen dute hizketa gai. Vianak azaldu duenez, “azoka bera ekoizpen eredua, eta baita kontsumo eredua ere, birpentsatzeko unea izan daitekeela uste dugu, energiaren, erregaien eta pentsuen eta bestelakoen prezioek eta eskasiak sektorea itotzen duten honetan. Hortaz hitz egiteko aukera Plazara eramanen dugu”. 

Amalurra azokari doinua Etxarri Aranazko gaitariek jarriko diote. Bestalde, haurrek barazkiak landatzen ikasteko tailerra eginen da 11:00etan. Eta 12:30etik aurrera zikiro errea dastatzeko aukera izanen dute azokatik pasatzen diren guztiek. 

Amalurra azokako ekoizle eta artisauak
Ekoizlea Produktua
Maite Betizu txorizoak
David Olioa eta garagardoa
Casa Paulina Marmeladak
Balda Artola Ardi gazta
Jeingenekoa Esnekiak
Utxama Ardi gazta
Mendiko Ardoa
Joxan Ahuntz gazta
Lorentxo Txerrikiak
Albi Ardi gazta
Juanane Ardi gazta
La Tienduka Ukenduak
Joseba Eztia
Artisaua Produktua
Artalde Artilea
Txus Gruzeta Bitxigilea
  Saskiak
Erabili Arropa
Io Zeramika
Encueros-Larrutan Larrua
Kurunkun Popinak
Los katxarros de Peio Egurrezko jostailuak eta abar