Ohar bidez, Jarduneko kideek salatu dutenez, “bai EH Bilduren udalaren aginduz, baita hainbat Sortuko militanteek, Jardunen pankartak herriko hainbat tokietatik kendu izan dituzte, herrian beraien hegemonia eta ‘indarra’ erakusteko asmoz”. Jarduneko kideek gaineratu dutenez, “ez ditugu jarrera horiek onartuko eta aipatu behar dugu nazkaturik gaudela. Guk, eskatzen dugun gauza bakarra gure ildo eta jardun politikoarekiko errespetua da”.
Azaldu dutenez, Peio eta Josuren heriotzaren urteurrenaren harira jarritakoak edo Aberri Egunera deitzen zuen Jardunen pankarta kendu dituzte. Zehaztu dutenez azken hori kioskotik hilaren 4an kendu zuten udaleko langileek. “Pankartaren deialdia oraindik ez zen pasa eta kioskoan baldintza berdinetan zeuden beste hiru eragileren pankartak zeudela, gurea kendu eta ginontzakoenak bertan utzi zituzten. Kontutan eduki behar dugu, normalean, pankartak kioskoan deialdiak pasa arte mantentzen direla”. Jardunekoek gaineratu dutenez, “jarrera oldarkor eta bortitzarekin” erantzun omen zien alkateak harengana azalpen eske joan zirenean.