Futbola

Etxarrik porrot gogorra jaso zuen Oibarren

Guaixe 2022ko api. 25a, 10:20

Preferente maila. 30. jardunaldia: Aibarés 4 – Etxarri Aranatz 0

Etxarri Aranatzek Aibarés taldea izan zuen aurkari Oibarko San Lorenzo zelaian jokatutako partidan. Helburu ezberdina zuten bi taldeek: jaitsiera postuetan ez sartzea zen Etxarri Aranatzen xede nagusia eta, sailkapenean gora egitea, aldiz, Aibarésen nahia. 

Bi taldeek lehia bizia eskaini zuten eta lehen txanpan oso ongi hartu zioten tamaina elkarri. Baina 36. minutuan Aibarés taldea aurreratu zen, eta atsedenaldia baino lehen bigarrena sartu zuen etxeko taldeak. Bigarren zatian egoerari buelta emateko prest atera ziren zelaira Etxarri Aranatz taldeko jokalariak, baina partida hasi bezain pronto ate propioan gola sartu zuen Etxarri Aranatzek, eta kontrako hirugarren golak nahiko jota utzi zuen talde etxarriarra. 78. minutuan Aibarések laugarrena lortu zuen, hau ere Etxarrik ate propioan sartutakoa, eta 4 eta 0 galduta eta jipoi ederra jasota itzuli ziren etxarriarrak Sakanara. 

Injertok jarraitzen du Preferente mailako lider sendo (72 puntu). Etxarri Aranatz 14. postura jaitsi da, jaitsiera postuetara, 13. postuan eta salbazioan dagoen Ardoi B taldearekin puntutara berdinduta. Lau jardunaldiren faltan, kategoriari eutsi nahi badio irabazi beharrean dago Etxarri Aranatz. Asteburuan Etxarrik sailkapenean azkena den Lagunak B taldea hartuko du San Donato zelaian.