Lehen sektoreak plaza bete zuen

Guaixe 2022ko api. 25a, 11:02

Belardi elkarteak antolatutako Amalurra azokak ekoizle eta artisau postuz bete zuen plaza, baita jendez ere.

Belardi elkarteak bederatzigarren urtez antolatu du Amalurra azoka, Etxarri Aranazko eta Sakanako Garapen Agentziarekin batera. Atzo goiz eta eguerdian 25 bat salmenta postu izan ziren plazan. Handik pasa zirenak ardi, behi eta ahuntz gazta, barazkiak, ardoa, txerrikia, ukenduak edo eztia erosteko aukera izan zuten. Zuzenean ekoizleei. Horrekin batera, artisauak ere izan ziren eta haiek artilez egindako produktuak, zilarrezko bitxigintza, jostailuak, popinak, saskiak, arropa eta larruz egindako produktuak eskaini zituzten. 

Eguraldiak ez zuen utzi aurreikusi bezala, arkumeak plazan bertan erretzea. Derry tabernak bi prestatu zituen eta haren zatiak Mendiko ardo trago baten laguntzaz dastatzeko aukera izan zen. Haurrak tipulak eta letxugak landatzeko tailerrean parte hartu ondoren, haiekin etxera joan ziren. Azoka Etxarri Aranazko gaitariek girotu zuten. 

Mahai-ingurua
Estreinakoz Amalur azokak lehen sektoreari buruzko mahai ingurua hartu zuen. Bost parte hartzaile izan diren; Jone Etaio, Arbizuko artzaina; Aberri Barandalla, Etxarriko abeltzaina; Lorenzo Sarratea, Elizondoko baserritarra; Aritz Ganboa, Arruazuko artzaina eta Etxarriko alkate Silvia Marañon. Ekoizleek beraien jardunaren berri eman ondoren, lehen sektorean azken hilabeteetan hizpide izan diren hainbat gai izan zituzten hizpide: industria abeltzaintza, lehengaien prezioen igoerak eta hornidura eta garraio arazoak.

Bestetik, ekoizleek beraien etxaldeen errentagarritasuna lortzeko eta merkatuarekiko mendekotasuna murrizteko nola moldatzen diren azaldu zuten. Hor hizpide izan zituzten urrutitik ekarritako produktuak edota energia bera. Eta nekazaritza herrikoi eta iraunkorra gure elikaduraren oinarri izan behar duela adierazi zuten, eta, horregatik, elikadura burujabetzaren alde egitera deitu zuten. Klima krisia, energia krisia, gero eta gizarte urbanoagoa, bioaniztasun galera, lur eta uraren osasunaren galera… eta beste hainbat erronken aurrean haiek ordezkatzen duten lehen sektorearen ekarpena nabarmendu zuten: ura, airea, landareak, animaliak, basoa eta larrea modu egokian baliatzen dute. Kudeaketa hori bizitzarako, herritarrendako oinarrizkoak direla adierazi zuten.

Bizimodu duin bat lotzeko ekoizle eta herritarren arteko aliantza aldarrikatu zuten. Hala ere, ekoizleek herritarrei elikagai onak eta osasuntsuak eskaintzeko azpiegitura eta baliabide zehatzak behar dituztela nabarmendu zuten. Esaterako: lurrak eskuragarri egotea, elikagaien eraldaketarako azpiegiturak, hiltegiak, inguruko jatetxe eta dendekin aliantzak… Azken horri lotuta, Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon Chascok hiltegian egindako inbertsioaren ondorioz, zatikatze gela egina dagoela jakinarazi zuen. Abeltzainek han beraien haragi piezak zatikatu eta ontziratzeko aukera izanen dute, gero zuzenean saltzeko. Eraldatzeko gelan bestelako ekoizleek beste aukera batzuk ere izanen dituzte.