Igandean bide izateko gonbidapena

Guaixe 2022ko api. 28a, 11:01

Preso eta iheslariak etxeratzea eskatzeko manifestazioa. ARTXIBOA

Sarek igandeko maiatzerako igoera eta jaitsiera km-ak Izan Bidea dinamikaren aldeko pauso bihurtzeko gonbidapena egin du. 610 610 575 telefono zenbakira whatsapp mezua bidali behar dute, edo igandean ur biltegian izanen den postuan eman dezakete izena.

Izan Bidea dinamikak Euskal Herriak dituen biztanleen adina km, 3.127.326, egin nahi ditu. Helburua alortzeko aurten da azken urtea. Ekimen horren bidez Sarek herritarrak gonbidatu ditu bidea egitera; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea. Eta igandean mendi gainean maiatza jasoko dela baliatuta, Sarek "Meyetza igoera, etxerako bidea gertu" ekimena antolatu du, eta etxarriarrak harekin bat egin eta haren alde km-ak egitera gonbidatu ditu. 

Bat egin nahi dutenek whatsapp mezua bidali behar dute 610 610 575 telefono zenbakira. Bestela, igandean ur biltegiaren ondoan postua jarriko dute Sareko kideek eta han eman daiteke izena. “Egin beharrekoa erraza da: izena eman, mendira joan-etorria egin eta preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldeko argazkia egin eta bidali” azaldu dute Saretik. Sakanako Sarek ibarrean maiatzean 20.000 km egiteko erroka luzatu du eta haren baitako ekimena da Etxarri Aranazkoa.