Etxerako egur epaitzak eskatzeko garaia

Guaixe 2022ko mai. 10a, 11:15
Epelen baso aprobetxamendua ateratzen ari zirela iragartzen zuen kartela. ARTXIBOA

Maiatzaren 13ra arte egin daitezke eskaerak, horretarako www.etxarriaranatz.eus webgunean dagoen eskabide ofiziala bete behar da. 

Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du aurten egur loteak eskuratu nahi dutenek horretarako aukera dutela dagoeneko. Horretarako, hori bai, baldintza batzuk bete behar dira. Alde batetik, herrian erroldatuta egon behar da bi urteko antzinatasunez. Bestetik, Etxarri Aranatzen gutxienez, urtean bederatzi hilabetetan bizi behar da. Eta, azkenik, eskatzaileak udalaren zerga ordainketa egunean izan behar du. Bestetik, udalak jakinarazi duenez, etxebizitza herritik 7 kilometro baino gehiago duenari esleipena zuzena eginen dio udalak.

Udalaren www.etxarriaranatz.eus webgunean dagoen eskabidea bete beharko dute eskatzaileek.  Epaitza bakoitzak 44 euro balio ditu, eskaera epez kanpo eginez gero 60. Ordainketa bankuan egin behar da eta udaletxean ordainagiria aurkeztu edo errezibo helbideratzea eskatu. Eskaera egin dutenei epaitzak zozketa bidez banatuko dizkie udalak. Zozketaren egun eta orduaren berri bando bidez jakinaraziko du udalak. 

Ateratzeko baldintzak
Epaitzak eskuratzen dituztenek egurra basotik ateratzeko baldintza batzuk bete beharko dituzte. Aurrena, ezinezkoa da zuhaitzak bere arramekin arrastaka ateratzea. Kalterik sortuz gero lotearen jabea izanen da erantzulea. Bestetik, pistara eta ezpondara eroritako arramak kendu beharko dira. Epaitza basotik ateratzeko epeak ere zehaztu ditu udalak: garilaren 1etik eta irailaren 30era. Epe horren barruan aterako ez balitz, lotea udalaren eskuetara pasatuko litzateke. Epeak aldatzen badira interesdunei bandoaren bitartez jakinaraziko zaie.

Udalak jarritako beste baldintza bat da eguraldi txarra dagoenean eta egun euritsuak direnean mendian lan egiteko debekua, horrekin bideak eta basoa bera kaltetzea saihestu nahi da. Bestalde, zuhaitzak moztu ondoren lurrean gelditzen diren epeitzak edo zuhaitz ipurdiak ezin izanen dira 10 cm baino altuagoak izan. Atzeneko baldintzaren arabera, epaitza eskuratu duenak ardura osoa bere gain hartuko du, bai berak hartu dezakeen kaltez edota beste pertsonei sor diezaiokeen kaltez. Era berean, istripuak ekiditeko seguritateko neurriak kontutan izanen duenaren konpromisoa hartuko du. Etxarriko udalak ez du inolako ardurarik izango esleipen honek ondorioak izan arren. Udalak gaztigatu duenez etxerako egur epaitzak eskuratu dituztenek norbere probetxurako eskuratuko dituztela, eta, beraz, ezin izanen dutela egur hori saldu.