Osasunbideari mediku euskalduna eskatu diote

Guaixe 2022ko mai. 4a, 09:01

Osasun etxean euskarazko zerbitzua nahi zutela adieraziz eskaerak gobernuari aurkeztu zizkioten etxarriarrek 2015ean.

Erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko helburuz, Etxarri Aranazko osasun etxean lanean ari diren bi familia medikuak euskaldunak izan daitezela bermatzeko eskatu diote Osasunbideari Etxarri Aranazko Udalak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.

Silvia Marañon Chasco Etxarri Aranazko alkateak eta Iraitz Lazkano Garitonaindia Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakariak Osasunbideari gutuna bidali zioten hilaren hasieran. Idatzi horren bidez Nafarroako osasun zerbitzuko arduradunei Etxarri Aranatzen “osasun arreta euskaraz jaso ahal izateko neurriak hartu eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatu daitezen” eskatu zuten. Izan ere, herrian aritzen diren bi familia medikuak euskaldunak ziren, baina haietako bat joan ondoren, ordea, euskaraz ez dakien mediku bat ekarri dute. 

Marañonek eta Lazkanok gogorarazi dutenez, “joan den urteko otsailean gorako errekurtso bat aurkeztu zuen UEMAk, postu horietarako lan deialdiaren harira. Izan ere, bi mediku lanpostu daude Etxarri Aranazko osasun etxean, baina horietako batek ere ez du hizkuntza derrigortasunik, Etxarri Aranatz eremu euskaldunetako udalerria izan arren”. Gogoratu dute Nafarroako 18/1986 Foru Legeak aitortzen duela Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta berek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea. “Osasun zerbitzuari zuzenean eragiten dio lege betebehar horrek”, gaztigatu dute biek. Gutunaren sinatzaileek azaldu dutenez, “badakigu mediku berriak legalki eskubidea duela postu horretan aritzeko eta arazoa ez dela berea”.