Eneritz Karasatorre Arañak maiatzaren 7a koloreztatuta du: Federazio Autonomikoen Arteko Espainiako Running Trail Txapelketa jokatuko da Bergan (Bartzelona). Nafarroako Txapelketan egindako lanari esker bertan parte hartzeko txartela lortu zuen Karasatorrek, Dantzaleku Sakanako Eukeni Goikoetxea eta Javi Gasanz taldekideekin batera.
2019ko Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorrian izan genuen zure berri. Noiz hasi zinen korrika?
Gutxi lehenago. 2018an aitonari esan nion Etxarriko lasterketan parte hartuko nuela, baina ezin izan nuen aritu, orkatilean nuen arazo batengatik. Handik gutxira aitona hil zen, eta 2019ko Mendira Joan Etorrian horregatik parte hartu nuen proban, bere garaian aitonari egingo nuela esan niolako. Bere omenez hasi nintzen.
Aitonak aurretik proba horretan korrika egin al zuen?
Aitonak ez. Mendira Joan Etorriko lehendabiziko edizioan osabak parte hartu izan zuen, eta bertan aritzeko ilusioa nuen. Bizi osoa ibili izan naiz mendian, baina inoiz ez nuen korrikarik egin. Orduan hasi nintzen mendian korrika egiten eta mundu horretan barneratzen.
Lehendabiziko lasterketa horren zein oroitzapena duzu?
Lasterketa gogorra da, esplosiboa, hasieratik topera ibili behar duzulako. Gogorra izan zen, baina bukatu nuen eta kontentu. Oroitzapen ona dut. Dena den, nahiago ditut lasterketa luzeak.
Berehala konfinamendua iritsi zen. Beraz, gelditu behar.
Nire kabuz jarraitu nuen mendira joaten, baina 2020an ez nintzen lasterketetan aritu. Egia esan, oso lasterketa gutxi egin ditut. 2021ean hiru lasterketetan aritu nintzen: Etxarri Aranazko biak, Triku Trail eta Mendira Joan Etorria, eta Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala. Aurten, momentuz, hiru egin ditut.
Aurten eman duzu saltoa, eta nolakoa. Betagarri Trailean (24 km) eta Jurramendiko Trailean (26 km) bigarren izan zinen. Zer aldatu da zu podiumetan ikusteko?
Ez dakit. Niretako arraroena etxetik kanpoko probatan aritzea izan da, ezagutzen ez ditudan ibilbideetan lehiatzea. Podiumaren kontua ez zait asko gustatzen, lotsa ematen dit. Jurramendi Traila eromena izan zen. Korrikalari pilo bat geunden eta lehenengo bi kilometrotan sekulako tapoia egin zen. Iruditzen zitzaidan mundu guztia ni baino aurrerago zegoela. Gutxika, erremontatzen hasi nintzen, eutsi nuen eta bigarren sailkatu nintzen, Ainara Alkuazen atzetik. Ez nuen espero.
Nafarroako Trail Txapelketan, Lerinen, seigarren sailkatu zinen.
Leringo Traila aldi berean Nafarroako Trail Txapelketa zen. Nafarroako Atletismo federazioak antolatutakoa. Atletismo federazioak antolatutako lasterketak ezberdinak izaten dira mendi federazioak antolatutakoekin alderatuta. Ez dute desnibel handirik izaten eta gehienbat korrika egitekoak dira. Nik nahiago ditut besteak, desnibel handiagoa dutenak. Seigarren izan nintzen, eta kontentu. Ondoren Atletismo Federazioaren deia jaso nuen, maiatzaren 7an Bergan jokatuko den Espainiako Trail Txapelketan Nafarroako taldearekin aritzeko. Hau ere ez nuen inola ere espero.
Espainiako Trail Txapelketa nolako lasterketa izango da?
Pirinioetan jokatuko da, 2.000 metroko altueran. 30 kilometroko proba da, esan didatenez, nahiko gogorra, desnibel handikoa. Beraz, lasai hartu beharrekoa da. Nik halako probak nahiago ditudanez, alde horretatik ongi. Lasterketa ongi bukatzea eta disfrutatzea, hori da nahi dudana. Pirinioak dira eta proba ederra izango da.
Eukeni Goikoetxea eta Javi Gasanz altsasuarrak taldekide dituzu.
Eukenik eta biok 30 kilometroko proban parte hartuko dugu baina Javi, gazteagoa denez, juniorren mailan dago eta distantzia laburragoa egingo du. Biak oso indartsu ikusten ditut; eurena beste maila bat da. Asteburu honetan Nafarroa ordezkatuko duten korrikalarien topaketa egingo da baina nik ezingo dut aritu, lan egin beharra dudalako.
Izan ere, 22 urte dituzu, ikaslea zara eta familiaren tabernan, Xapateron lan egiten duzu. Nola bateratzen duzu guztia?
Astean sei aldiz entrenatzen dut, goizetan, 20-30 kilometroko entrenamendu luze bat eta gainontzekoak laburragoak. Igandetan ez dut entrenatzen. Ikasketak online egiten ditudanez, ongi antolatzen naiz. Bestalde, lan egiten dudan asteburutan lasterketaren bat badut txandak aldatzen ditut eta ahal dudan moduan moldatzen naiz.
Gertukoek zer diote?
Nahiko parrandazalea izan naiz eta ez zuten pentsatzen korrika horren serio ibiliko nintzenik. Nik ere ez nuen espero, ez pentsa! (kar, kar). Gustura nagoela ikusten dutenez, animatzen naute. Lasterketetara etortzen dira, aita bereziki.
Espainiako Txapelketara Nafarroako talde guztia batera joango zarete?
Bai. Bi furgoneta alokatuko dituzte eta talde guztia elkarrekin joango gara, ostiraletik igandera. Esperientzia berria izango da, alde guztietatik begiratuta. Jende berria, toki berria, Pirinioak… oso gogotsu nago.
Espainiako Trail Txapelketaren ondoren, zer?
Bartzelonatik bueltan Atarrabia Trailen parte hartuko dut eta ekainean beste bizpahiru lasterketa egin nahiko nituzke, Triku Trail eta Lakuntza-Aralar tartean. Ondoren ziurrenik irailera arte geldituko naiz.