Etxarri Aranazko Kintaden lehen txanda

Guaixe 2022ko mai. 11a, 14:05
Etxarri Aranazko plaza eta terrazak. ARTXIBOA

Maiatzaren 14an, larunbatean, eginen dituzte ilbeltzean pandemiagatik atzeratutakoa. 

Etxarri Aranatzen kintada guztiak ez dira egun berean ospatzen. Urtean barna lauzpabost data izaten dira kintoak elkartzeko. Aurrenekoa ilbeltzaren azken larunbatean izaten da, baina aurten pandemiaren kontrako neurriak indarrean zeudenez, ospakizunak atzeratu eta maiatzean ospatzea erabaki zuten. Maiatzaren 14, larunbata, aukeratu dute herriko hemeretzi kintadek. 

Guztiek bazkaria izanen dute eta denen diru ekarpenarekin Tuxma DJ kontratuta dute: 20:00etatik 22:30era eta 00:00etatik 03:00etara egonen da plazan. 

Etxarri Aranazko gainontzeko kintada egunak maiatzean, udazkenean eta abenduko foru zubian izaten dira. Azken horretan, kintada gazteak dira protagonistak.