1960ko hamarkadako musikarik onena

Guaixe 2022ko mai. 16a, 10:49
The Spolem Girls taldea kontzertuan. RETRO MUSIKA

The Spolem Girls taldeak 'Oldies but Goldies' ikuskizunean garai bateko pop abesti ospetsuak eta entzunenak interpretatzen dituzte. Proiektuaren atzean Iñaki de Miguel produktorea dago, musika "retro-aren" zale amorratua.

Haurra zenetik izan du Iñaki Miguel musikariak 1950eko, 1960ko eta 1970ko hamarkadetako musikarekiko zaletasuna. Ghost filma bere zaletasuna handitzeko erabakigarria izan zen; filma ikusten ari zela bertan agertzen den abesti bat hunkitu zuen: Righteous Brothers taldearen Unchained Melody abesti ezaguna. "Talde hauek ikertzen hasi nintzen". Garai horretan Internet ez zen existitzen, eta soul, blues, rock and roll eta Amerikako Estatu Batuetatik zetozen bestelako doinuen inguruan ikertzeko De Miguel liburutegira joaten zen, disko dendetara edo irratian egiten zuten programa berezi bat entzuten zuen. Urteak pasata Internetarekin askoz errazagoa dela esan du ekoizleak.

The Spolem Girl
Soul, gospel, blues eta abar musika Euskal Herrian ez da oso ezaguna izan, eta Miguel horren "enbaxadore" sentitzen da. Bere ametsetako bat Amerikako Estatu Batuetara bertatik bertara soul taldeak ezagutzera eta entzutera joan zenean bete zuen, gero Euskal Herrira ekartzeko eta ezagutarazteko. "Esentzia erakusteko". Eginkizuna horretarako Retro Musika produktora sortu zuen eta 1960ko hamarkadako musikaz osatutako zenbait ikuskizun sortu ditu, besteak beste, Gospel taldeak, Elvis Preyslerren ikuskizun, Christmas Show edo Gabonetako bereziak eta abar. Proiektuen artean The Spolem Girl laukotea dago. Igandean laukoteak Oldies but Goldies ikusizuna egin zuen Etxarri Aranazko plazan. Emanaldiak herriko musika plazan programari hasiera emanen diote.

Duela bi edo hiru urte pentsatu zuen Miguelek emakumez osatutako talde bat sortu behar zuela. Lau ahots "polita, bikainak eta armonia bokalak dituenak eta 60ko hamakaradako musika egiteko" behar zituen. Kastin bat egin zuen eta aurketutako nesketatik lau aukeratu zituen: Miguelek Sara Grajal, Nahiari Berastegi, Natalie Keskin eta Naroa Soro abeslariak; hiru gipuzkoar eta bizkaitar bat. Helburua musika retroa "ahalik eta modu arrakastatsuenean" transmititzea da. Horretarako, oso ezagunak diren abestiak hartu eta bertsionatu dituzte: "1960ko hamarkadako pop bokala ahalik eta eszenatoki handienetara eraman nahi dugu; egiteko, jotzeko, janzteko modu bat". Iraganera bidaia proposatzen dute.

Proiektu honetarako Miguelek musikak, armoniak eta "lan guztiak" egin ditu. Arte zuzendaria da, baita abesti batzuetan musikaria da ere. Taldearen eraginak eta erreferentziak 1950eko rock and roll eta 1960ko hamarkadaren hasierako emakume ahots taldeak dira. Rock and rollaren hastapenetatik eta sortzen ari zen soul musikatik edaten du taldeak: The Shirelles, The Ronettes, The Chiffons, he Marvelettes eta The Crystal taldeak aipatzen ditu ekoizleak.

Abesti alaiak, rock and rolleroagoak, soulagoak, baladak, dantzagarriak, a capellara... The Spolem Girl taldearen errepertorioa "oso osatua" da, betiere 1960ko hamarkadako pop horren barruan, baina abesti "oso ezagunak" direla esan du Miguelek. "Nahiz eta izenburua edo norena den ez jakin, jendeak abesteko ahalmena izango du oso abesti entzunak direlako". Klasikoak dira.

Arrakasta
Taldea "oso arrakastatsua" dela esan du Miguelek. Duela urte bateko gabonetan mustu zuten taldea eta lehenengo diskoa grabatzen ari dira. Bitartean, udaberriko birarekin hasi dira eta bira horren barruan Etxarri Aranatzen izan dira.