Futbola

Etxarri Aranatz, Preferente mailari eusteko borrokan

Guaixe 2022ko mai. 17a, 10:17

Preferente maila. 33. jardunaldia: Etxarri Aranatz 2 – Lezkairu 2

Jardunaldi bat falta da Preferenteko liga despeditzeko, eta jaitsiera postuetatik kanpo dago Etxarri Aranatz. Larunbatean Etxarrik Lezkairu arerio zuzena hartu zuen San Donato futbol zelaian, eta partida oso borrokatua izan zen. Goikoetxeak lehen minutuan Etxarri aurreratu zuen, penaltiz. Bi taldeek lanean jarraitu zuten eta atsedenaldia baino lehen bana berdindu zuen Lezkairuk. Bigarren zatian, atzera ere Etxarri ixan zen aurreratu zena, Jakak 56. minutuan sartutako golarekin, baina Lezkairuk ez zuen etsi eta bina berdindu zuen. 

Etxarri Aranatzek etxean jokatzen zuen azken partidan ezin izan zien zaleei garaipena eskaini, eta kategoria eusteko borrokan bi puntu oso garrantzitsu alferrik galdu zituen. Sailkapenean, Injerto da liderra (66 puntu) eta Etxarri Aranatz 13. postuan dago (37 puntu), jaitsiera postuak lau puntura dituela. Ligako azken partida sailkapenean seigarren den Ondalan taldearen kontra jokatuko du Etxarri Aranatzek, Villatuertan eta orduan jakingo da Preferente mailari eusten dion ala ez, beste taldeen emaitzek ere eragina izango dutelako.