Goi tentsioko lineei aurre egiteko, Lurkide konpromisoa

Guaixe 2022ko mai. 23a, 09:01
Goi tentsioko argindar lineako dorreak. ARTXIBOA

Dagoeneko 192 kolektibok bat egin dute. Bat egin nahi dutenek oraindik ere horretarako aukera dute.

Nafarroa eta Euskal Autonomia Elkartearen artean goi tentsioko argindar linea bana egiteko asmoa dute Red Electrica Españolak (82 k-ko luzera) eta Forestaliak (244 km). Ibarra mutur batetik bestera zeharkatuko duten bi linea horiek paraleloan eraiki nahi dituzte. Elektrizitatea eramanen duten kableei eusteko 80 metrora arteko dorreak aurreikusi dituzte. Guztira 800 bat. Bi proiektuak eginen balira Sakanan 177 dorre jarriko lirateke, 81 REErenak eta 96 Forestaliarenak. 

Egitasmo horien kontra egiten ari den Autopista Elektrikorik Ez! plataformak Lurkide Konpromisoa sustatu du. Dagoeneko gizarte, kultura, kirol edo auzo izaerako 192 erakundek sinatutako konpromisoak. Guztiek "bateraezintzat, onartezintzat eta zentzugabekeriatzat jotzen du REEren Itxaso-Castejon/Muru Artederreta lineari, hamarkada bateko lanaren eta borroka eredugarriaren ondoren birritan geldiaraztea lortu den proiektuari, Forestalia enpresaren Kyoko eta UME izeneko lineak gehitzea, ez baitiote hornidurari buruzko inolako premiari erantzuten, burbuila elektrikoaren ondoriozko putre funtsen interes espekulatiboei baizik". Lurkide Konpromisoarekin bat egin duten kolektiboen iritziz, "ez dago justifikaziorik aurrekaririk gabeko mehatxua diren proiektu horiendako". Azaldu dutenez "mehatxuak" leudeke ingurumena, paisaia, babestutako espazio eta espezieak, pasatzen diren eskualdeetako biztanleen osasuna, ondarea eta etorkizuneko garapena. Horregatik, konpromisoa hartu duten kolektiboen iritziz, egitasmoak ikutzen dituen bi gobernuek kontra azaldu diren udalen ondoan egon beharko lukete. 


Lurkide Konpromisoa sinatu zutenen batzarra Etxarri Aranatzen. UTZITAKOA

Autopista Elektrikorik Ez! plataformak deituta, larunbatean Etxarri Aranatzen egindako batzarrean kolektiboetako ordezkariek konpromisoa sinatu zuten. Sinadurak berekin dakar bakoitzari esleitutako lekuan lurra defendatzeko beharrezkotzat jotzen diren ekintza guztiak egitea. Plataformatik azaldu dutenez, oraindik ere Lurkide Konpromisoa sinatzeko aukera dago. Horretarako, autopistaelektrikorikezsakana@gmail.com e-posta helbidera idatzi beharra dago. 

Lurkide Eguna 
Maiatzaren 29an izanen da. Igande horretan konpromisoa sinatu dutenek lineako dorreak kokatuta egonen diren tokietara joan eta talde argazkiak eginen dituzte. Hori 11:00etan izanen da. Egindako argazkiak plataformari bidali beharko dizkiote. Irudi horiek guztiak egunean bertan Etxarri Aranatzen ospatuko den Lurkide Egunean ikusteko aukera izanen da 12:00etatik aurrera. Egun horretarako ere herri bazkaria antolatu du plataformak. Izena eman nahi duenak aipatutako e-posta helbidearen bidez egin beharko du. Izen emate epea gaur despedituko da. 

Argindar lineetarako aurreikusitako dorre kopurua
Udalerria REE linea Forestalia linea
Arakil 22 29
Irañeta 3 5
Uharte Arakil 10 12
Arruazu 2 2
Lakuntza 3 2
Arbizu 4 8
Ergoiena 6 0
Etxarri Aranatz 7 14
Bakaiku 7 4
Iturmendi 3 5
Urdiain 4 6
Altsasu 10 9
Sakana 81 96