Igerilekua larunbatean zabalduko dute

Guaixe 2022ko mai. 27a, 10:01

Etxarri igerilekuak. UTZITAKOA

Egunero 10:00etatik 20:00etara egonen da zabalik.

Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du Danbolintxulon dauden igerilekuak larunbatean zabalduko direla. Uda guztirako txartelak eskuratu nahi dituztena Etxarriko kanpinaren webgunean sartu behar dute. Web orri beraren bidez egin behar da ordainketa ere. Jubilatuta dauden pertsonak sarrera dohainik izanen dute igerilekuan, baina, horretarako, nortasun agiria aurkeztu beharko dute. 

Igerilekuaren erabiltzaileendako hiru ohar zabaldu ditu Etxarri Aranazko Udalak. Batetik, igerilekuan sartzeko beharrezkoa dela bainu txanoa janztea. Bestetik, igerilekura autoarekin joan eta kanpinean ostatu hartuta ez dauden gidariek ibilgailua goiko aparkalekuan aparkatu beharko dute. Igerilekuko aldagelen ondoko aparkalekua kanpinean ostatua hartuta dauden pertsonendako da bakarrik. Azkenik, Etxarri Aranazko Udalak ardurarako deia egin du. Horregatik, aholkatu du “momentu bakoitzean igerilekuko arduradunek zehazten dituzten osasun eta segurtasun neurriak betetzea”.