Goi tentsioko linea proiektuen aurkakotasuna irudikatuko dute

Guaixe 2022ko mai. 27a, 12:44

Lurkide Egunean parte hartzeko deia egin dute. UTZITAKOA

Lurkide Eguna hartuko Etxarri Aranatzek igande eguerditik aurrera. Autopista Elektrikorik Ez! plataformak REE eta Forestaliak proposatu dituzten goi tentsioko bi lineen kontra protesta eginen dute. Dorreak aurreikusita dauden tokietan argazkiak eginen dituzte aurretik.

Lurrarekiko konpromiso egun gisa definitu dute Autopista Elektrikorik Ez! plataformako kideek igandeko Lurkide Eguna. Haren bidez Itxaso, Castejon eta Muru Arteederreta artean egin nahi diren goi tentsioko argindar linea proiektuen kontra protesta egin nahi dute. Red Electria Españolak (REE) eta Forestalia enpresek goi tentsioko lineen proiektuak jendaurrean jarri ziren lastaila eta azaroan, aldi berean. Alegazioak aurkezteko epean, bi proiektuek ukitutako Nafarroako eta Gipuzkoako 25 udalek alegazioak aurkeztu zituzten. Horiek prestatzen lagundu zien plataformak. 

Bertako kideek azaldu dutenez, enpresa sustatzaileen erantzuna otsailean eta martxoan jaso zuten. Plataformatik azaldu dutenez, "energia plangintzari, instalazioen beharrari eta justifikazioari, metaketa eta sinergia inpaktuei, Natura 2000 Sareari, landarediari, hegazti-faunari edo paisaiari" buruz eman dizkieten erantzunak ez dituzte asetu eta, horregatik, "desadostasun idazkiekin erantzun genien, gure alegazioei erantzun egokirik eman ez zietelako", argitu dute. 

Gaineratu dutenez, "proiektuak ikututako ondasun publikoen titular izan arren, izapidetzean kontzejuak administrazio publikotzat ez dituzte hartzen. Haiek esaten dutenez, proiektuaren onarpen sozialari buruzko inpaktua 'moderatua' da. Surrealista da". Plataformatik "arrazoitutako eta arrazoizko" alternatibak proposatu zizkieten bi enpresei, "baina ez dituzte aintzat hartu. Horrek izen hori merezi duen parte-hartze publikoko prozesu oro indargabetzen du", ondorioztatu dute. 

Proiektuak eteteko eskaera
Horixe egin du Autopista Elektrikorik Ez! plataformak. "Izapidetzen ari diren espedienteen azterketa teknikoa eta aplikatu beharreko arau-esparrua aztertuta, kontuan hartuta ingurumen inpaktuaren azterlana izapidetzean dauden gabeziak eta irregulartasunak, proiektu horien etetearen alde egiten dugu". Bestela, "hala badagokio, ingurumen inpaktuaren adierazpenaren eskaerari buruzko txosten negatiboa ematearen alde egiten dugu, bi proiektuak ez justifikatzeagatik, jendaurrean jarritako alternatibak ez egokitzeagatik eta ingurumen inpaktu kritikoa eta ikututako lurraldearen karga ahalmenarekin bateraezina izateagatik".

Plataformatik gogorarazi dutenez, bi enpresen sei zirkuituko linea egitasmoek Artaxoa eta Gabiria artean paraleloan doaz. Sakana barne hartzen duen 92 km-ko tarte horretan "80 metrora arteko altuera duten 431 dorre jarriko lirateke REEren 192 eta Forestaliaren 239". Plataformatik azaldu dutenez, REEren egitasmoa egiteko Sakanan 81 dorre jartzea aurreikusten da, Forestaliaren proiektuak, berriz, 96 dorre beharko lituzke. 

Argindar lineetarako aurreikusitako dorre kopurua
Udalerria REE linea Forestalia linea
Arakil 22 29
Irañeta 3 5
Uharte Arakil 10 12
Arruazu 2 2
Lakuntza 3 2
Arbizu 4 8
Ergoiena 6 0
Etxarri Aranatz 7 14
Bakaiku 7 4
Iturmendi 3 5
Urdiain 4 6
Altsasu 10 9
Sakana 81 96

 

Lurkide konpromisoa gizarte, kultura, kirol edo auzo izaerako 192 erakundek izenpetu dute. Bakoitzari bi egitasmoetako batean jarriko litzatekeen dorre baten tokia "eman" diote. "Gure lurraren azalean iltzatu nahi duten dorre bakoitzeko, gure eskualdean talde batek hori defendatzeko konpromisoa hartzen du. Igandean, 11:00etan, dagokien tokira joan eta argazkia aterako dute. Gainera, beraien inguruan proiektuei buruzko informazioa emanen dute eta plataformarekin batera erabakitzen diren ekintzetan parte hartuko dute". Igandean, argazkia egin ondoren, Lurkide guztiak Etxarri Aranatzen elkartuko dira.

Egitaraua 

  • 11:00 Talde bakoitza bere dorrera joan eta argazkia egin.
  • 12:00 Elkarretaratzea Etxarri Aranazko plazan.
  • 12:30 Ekitaldi nagusia, giza puzzle erraldoia.
  • 13:00 Kale animazioa.
  • 15:00 Herri bazkaria.
  • 17:00 Argazki guztiekin egindako muntaiaren proiekzioa.
  • Ondoren, festa giroa iluntzera arte.