Maiatzaren 21etan eta 22an Preferente mailako azken jardunaldia jokatu zen, 34. jardunaldia. Etxarri Aranatzek hil ala biziko hitzordua zuen Villatuertan, kategorian mantentzea baitzuen jokoan. Ondalani 1 eta 2 irabazita, Preferente mailari eutsi dio Etxarrik. "Azken uneraino sufritzen ibili gara, baina helburua lortu dugu eta beste urte batez Preferente mailan arituko gara" azaldu du Iosu Murgiondo Mundiñano entrenatzaileak.
Preferentean mantentzea ez da berez lan makala, baina Etxarri Aranatzek lortutakoak meritu gehiago du pandemiagatik urte batez geldirik egon zirela kontuan hartuta. 2020/2021 denboraldian ez jokatzea erabaki zuen Etxarrik, taldea nahiko justu zegoelako, eta aurten, 2021/2022 denboraldian, lehiaketara itzuli ziren, talde gazte guztiz eraberrituarekin. "Hainbeste denbora baloia ikutu gabe egonda, hasieran bai ikusten zitzaigula... nola esan, erritmo faltarekin. Denboraldia luzea da, eta momentu onak eta txarrak izan ditugu, denetatik. Taldea asko gaztetu dugu eta partida askotan nabaritu da esperientzia falta hori, irabazita genituen partidak azken unean galdu ditugulako, une horietan burua hotz ez izateagatik. Baina hori esperientziak ematen dizu. Azkenean gazteek korrika gehiago egiten dute, baina esperientziarekin korrika gutxiago eginda askotan gauzak hobe egiten dituzu" dio Murgiondok.
Aurtengo liga berezia izan da. Aurreko denboraldian ez zen jaitsierarik egon, soilik igoerak izan ziren, eta aurten liga normal batean baino jaitsiera gehiago izan dira. "Esaterako, gure mailan hiru jaitsiera izaten dira eta aurten sei izan dira. Horregatik estuagoa eta zailagoa izan da liga. Mailari eutsi diogu eta hori klubarendako eta jokalariendako oso garrantzitsua izan da" nabarmendu du.
Erreakzioa
Une zailak ere bizi izan zituzten. "Bizpahiru hilabetetan jaitsiera postuetan, salbaziotik bospasei puntura egon ginen, eta gauzak nahiko ilun ikusten ziren, baina taldeak ongi erantzun zuen eta ligaren azkeneko txanpa ona egin dugu. Ura leporaino genuela ikusterakoan erantzun genuen, eta ea egoeratik ikasi eta hurrengo denboraldian azken txanpan ikusi dugun Etxarri hau hasieratik ikusten dugun. Bide hau segitu beharra dago, lasaiago ibiliko garelako eta gauzak askoz hobe aterako zaizkigulako" azaldu du Murgiondok.
Villatuertako azken partida urduritasun handikoa izan zen. "Sailkapenean hiru talde geunden puntutara berdinduta, eta argi genuen partida irabazi beharra genuela, bestela gu izango ginen mailaz jaitsiko ginenak. Partida ona egin genuen. Gu aurreratu ginen eta berdindu gintuzten, baina aukerak izan genituen eta azkenean garaipena lortu genuen, 1 eta 2. Eta oso pozik" kontatu du. Nolanahi ere, presioari eustea ez zen erraza izan. "Larunbatean jokalariak nerbioak jota zeuden, eta zaila izaten da presioari eustea. Garaipena lortuta, ikustekoa zen jendea nola zegoen aldageletan" gogoratzen du Murgiondok. Afariarekin ospatu zuten kategoria mantendu izana.
Gutxika taldea esperientzia hartzen ari da, eta aurrera begira bide luzea eta oparoa du aurretik Etxarrik. Orain, merezitako atsedena hartuko dute. "Liga oso luzea izan da. Orain deskonektatuko dugu eta Etxarriko festen ondoren beste denboraldi bat hasiko da". Altsasu Preferente mailara igo denez eta Lagun Artea Lehen Maila Autonomotik jaitsi denez, datorren denboraldian talde sakandarren arteko derbiak itzuliko dira. "Derbiek ligari beste bizitasun bat ematen diote. Azkenean Sakanako taldeen artean dugun pike hori oso polita da. Hirurak liga berdinean jokatzeak bizitasun gehiago emango dio denboraldiari" argi du Murgiondok.