Txirrindularitza

Nafarroako Itzulia gogor hasi da

Guaixe 2022ko mai. 27a, 10:30

Atzo, osteguna, hasi zen amateur mailako lasterketa ezaguna. Oliver Knight da liderra. Larunbatean Nafarroako Itzulia Sakanara sartuko da, Zuarrarratetik. San Migel igo beharko dute txirrindulariek.

Bi urteren ondoren, bueltan da afizionatuen mailako Nafarroako Itzulia, egutegi amateurreko proba entzutetsuenetako bat. 21 talde lehiatzen ari dira guztira, afizionatuen mailako talde eta txirrindulari onenak, nazioartekoak tartean. Lehiatzen ari diren txirrindularien artean lau sakandar daude: Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra eta Iker Mintegi altsasuarra, Ciclismo Riojanoko Andoni Ocaña eta Gomur Cantabria Infinitako Jon Gil lakuntzarra. 

Knight, azkarrena
Nafarroako Itzulia atzo hasi zen, Zangozan. Etapa gorabeheratsuan, Oliver Knight ingelesa (Aix) gailendu zen, helmugara bakarrik iritsita (3:36:20). Iker Mintegi 19. sailkatu zen, 1:44ra, Ailetz Lasa 38., 2:29ra, Jon Gil 40., 2:32ra, eta Andoni Ocaña 92., 5:21ra. 

Gaur, ostirala, Casedan hasi eta Larra-Belaguan despedituko den etapa dute aurretik (163,3 km). Bihar, larunbata, Sakanara helduko da. Lekunberrin hasiko da (13:40) eta berehala Madotzetik, Zuarrarratetik, Etxeberrira helduko da. Txirrindulariek Uharte Arakileraino joko dute (14:20), bertatik lehen mailako San Migel portua igotzeko (14:50). Uitzi, Usategieta eta bestelako gainetatik barna, Berriobeitiko San Cristobal gaineko helmugara iritsiko dira. Azken etapa Iruñean jokatuko da (124,8 km), igandean. Itzulia, "oso gogorra" izango dela diote txirrindulariek. 

Larunbatean, San Kiriko Saria Etxarrin
Bestalde, aipatzekoa da larunbatean, 16:00etan, 17. San Kiriko Txirrindularitza Saria jokatuko dela Etxarri Aranatzen, eskolen mailako proba, Aralar Txirrindularitza Taldeak antolatuta. Ginkana probak izango dira lehenak, eta ondoren lasterketak hasiko dira. 

Ekain Imaz hirugarren
Igandean kadeteen mailako lasterketa jokatu zen Zestoan, Gaztetxoak Txapelketarako baliagarria. Quesos Albeniz-Burundako Ekain Imaz bikain aritu zen eta hirugarren sailkatu zen, kadeteen lehen urteko onena, merezitako podiuma lortuaz.