Nagore, Uxue, Obats, Oier, Maddi eta Maia

"Hitzaldiak uste baino arinagoak izan ziren"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko eka. 1a, 15:10

Jakiundeko Jakin-mina programan parte hartu duten Andra Mariko ikasleak.

Andra Mari ikastolako DBH laugarren mailako Nagore, Uxue, Obats, Oier, Maddi eta Maia ikasleek Jakin-mina programaren hamaikagarren programan parte hartu dute.

Jakiunde Zientzien, Arteen eta Letren Akademiak bultzatutako ekimena da.

1. Bost edo sei ikasleen taldeak behar ziren. Nola egin zenuten aukeraketa?
Boluntariorik omen zegoen galdetu zuten, nahi genuenak baietz esan genuen, eta aurrera. Aurreko urtean zozketa egin zuten jende gehiago zegoelako, baina aurten denak hartuko zituztela esan zuten.

2. Jarduera DBH 4ko ikasleendako da. Aurretik Andra Mari ikastolakoak egon dira. Ezagutzen zenuten?
Zerbait bagenekien, baina aurreko urtetan justu pandemiak harrapatu zien eta hitzaldiak online egin zituzten.

3. Irakasleen hitzaldietara joan zarete. Ikastolako irakasleekin aldea nabaritu duzue?
Azkenean, gai horretan esperientzia gehiago dutela eta gaia gehiago menperatzen dutela nabaritzen da. Eskertzekoa da. Unibertsitateko irakasleak dira, eta asko zekiten.

4. Ulertzeko errazak izan ziren?
Gaiaren araberakoa. Ez irakasleengatik, baizik eta gaiarengatik.

5. Nola antolatu zineten joateko?
Jakiundek bi gune jarri zituen: Iruñeko Civicanen eta Tuterako areto batean. Iruñera joan ginen. Hitzaldiak ostiral arratsaldetan ziren, hilabetean behin, eta autobusa hartzen genuen 15:45ean, eta buelta 20:00etan. Horrela ibili ginen bost alditan.

6. Guztietara joan behar zineten?
Diploma hartzeko lautara joan behar ginen, gutxienez. Guztietara Maddi, Maia eta Olatz joan ziren, Oierrek, Uxuek eta Nagorek saio batera ezin zutelako joan.

7. Lehenengoa ingelesez izan zen.
Lehendabizikoa Regenerative buildings: utopia or achievable reality? izan zen Amaia Zuazuarekin. Ingelesez izan zen, baina ulertzeko oso erraza izan zen. Espero genuen ulertzeko zailagoa izango zela, baina denak nahiko ongi ulertu genuen; oso argi hitz egiten zuen. Iristen zen momentu bat non ez ginen ohartzen ingelesez ari zela. Eraikin jasangarriei buruz hitz egiten zuen. Eraikin bereziak erakutsi zituen, gaur egungo egoerara moldatutakoak...

8. Abenduan, '¿Por qué matemáticas?' Gustavo Otxoarekin izan zenuten.
Erdaraz izan zen, eta gustura egon ginen erraz ulertzen zitzaiolako. Ez zen pisutsua egin. Matematikaren historiari buruz, matematikari batzuei buruz hitz egin zuen, zenbaki lehenak eta horrelako gauzak. Buruketa batzuk egin genituen ere denak elkarrekin. Magia truko bat egin zuen, ez zitzaiola oso ongi atera. Dena matematika dela erakutsi nahi zuen. Dinamikoa izan zen, arina.

9. Hurrengoa 'Musica oír o escuchar' Teresa Catalán konpositorearekin. Ez baita berdina, ezta?
Hitzaldia dataz aldatu zuten, baina oso polita izan zen. Orkestrek istorio bat kontatzen dutela esan zigun, eta adibideak jarri zizkigun: suabe hasten dira eta gero igotzen joaten da. Musika estiloen konparaketa historian zehar erakutsi zigun. Bitxia iruditu zitzaigun.

10. Roldan Jimenok 'Nafarroako Konkista 500. urteurrenean' hitzaldia eman zuen.
Ikuspuntu desberdinak ditugu. Euskaraz izan zen bakarra. Jende askok ez zekien euskaraz. Gustatuko litzaiguke euskaraz hitzaldi gehiago izatea; balorazioan jarri genuen. Uste genuen txapa gehiago izango zela, azkenean Nafarroako Konkista ez da ulertzeko gai erraza, baina batzuei ez zitzaigun aspergarria egin. Beste batzuei aldiz ez zitzaigun hainbeste gustatu eman zuen moduagatik. Gauza berdinari mila buelta ematen zizkion. Pixka bat pisutsua egin zen.

11. Azkena, hirietako aire kalitateari buruz, COVID-19aren ondoren Jesus Mari Santamaria kimikariarekin. Zer moduz?
Interesgarria izan zen. Itxialdian geundenean denek nabaritu genuen airea desberdina zela. Mendiak argiago ikusten genituen. Olazti aldetik mendia ikusten zen. Aurretik lainoa eta kutsadura ikusten zen. Grafikoekin aldaketa ikusi genuen, eta horrela argi ikusi genuen.