Txirrindularitza

Mikel Unzillaren itzulera, garaipenarekin

Guaixe 2022ko eka. 7a, 12:00

Mikel Uncilla, helmugan. ARALAR

Erradioko haustura gaindituta, Cendea de Galarko Sari Nagusiko esprintean azkarrena izan zen etxarriarra

Maiatzaren 7an Lazkaomendiko Proban erorikoa izan zuen Sakana Group-Aralar taldeko Mikel Uncilla txirrindulariak eta erradioan fisura edo haustura izan zuen. Ordutik osatzen egon da etxarriarra, eta berriki itzuli da errepidera. Hain zuzen ere, larunbat goizean juniorren XIX. Cendea de Galar Sari Nagusia jokatu zen (73 km), Eskirotzen hasi eta Arlegin despeditu zen lasterketa, eta bertan aritu zen Uncilla. Eta nola. Lasterketa mugituan Lizarte taldeko Iñaki Ordokirekin batera iritsi zen helmugara, baina esprint lehiatuan Mikel Uncilla izan zen azkarrena (1:59:37). Bere taldekide Adrian Martinez laugarren sartu zen, 10 segundora. 

Lesioaren ondotik pedal kolpe bikaina izaten jarraitzen duela erakutsi zuen Uncillak. Bere hirugarren garaipena lortu du, Villatuertako lasterketaren eta Amorebietako Udaberriko Klasikoaren ondotik. 

Gainontzeko sakandarrei dagokionez, Manex Zufiaurre (Sakana Group-Aralar) hamahirugarren iritsi zen, Aritz Oiarbide (Sakana Group-Aralar) 17., Jon Koldobika Urrusolo (Sakana Group-Aralar) 27., Mikel Regil (Quesos Albeniz-Burunda) 28. sailkatu zen, Asier Etxeberria (Quesos Albeniz-Burunda) 31. eta Ander Villalobos (Quesos Albeniz-Burunda) 35.