Belaunaldiz belaunaldi

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko eka. 8a, 14:00

Etxarri Aranazko Gaztetxearen mustutzea. UTZITAKOA

Duela 40 urte Etxarri Aranazko gazte talde bat biltzen hasi zen. Helburua gazteen beharrak identifikatzea zen. Hurrengo hamarkadan okupatu zuten lehenengo gaztetxea eta 2007an gaur egun gaztetxea dena. 

1970ko hamarkadaren bukaeran eta 1980ko hamarkadaren hasieran Etxarri Aranazko festek bederatzi egun irauten zuten. "Praktikoki mundu guztiak" bazeukan bere eguna: Kintoen eguna, haurren eguna, jubilatuen eguna... Garai hartan oraindik Espainiako ejerzitoan derrigorrezko soldaduska egitera behartzen zituzten gazteak, baina baziren zerbitzu militarra egiteko gai ez zirenak: inutilak deitutakoak ziren. Herrenak, betaurrekodunak, pies planos esaten zietenak... Haien egoeragatik "oso harro" zeudela aldarrikatzen hasi ziren, alde batetik, ez zutelako nahi Espainia zerbitzatzera joan eta, bestetik, ez zirelako gai Espainiako ejerzitoan zerbitzatzeko. Orduan, pixkanaka biltzen hasi ziren.

Etxarri Aranazko Gazte Asanbladaren lehenengo urratsak izan ziren. Ordutik, 40 urte pasa dira, eta hamabost gaztetxea okupatu zutenetik. Urte berezia da, beraz, Etxarri Aranazko Gazte Asanbladako kideendako, eta asteburu honetan ospakizun nagusienak eginen dituzte; baina ez bakarrik, izan ere, urtean zehar hainbat ekimen antolatu eta antolatuko dituztela aurreratu dute Eider, Uxune, Aratz eta Intzara gazte asanbladako kideek.

Historia
Duela bi urte inguru Etxarri Aranazko Gazte Asanbladaren inguruko dokumental bat egiteko ideia izan zuten. Informazioa biltzen hasi ziren, eta "konturatu ginen ez genekiela ezer gaztetxeko historiaren inguruan". Garaiko gazteekin hitz egiten hasi ziren, eta pixkaka informazioa biltzen hasi. 40 urte atzera eginez, beraz, 1981eko festetan ospatu zuten lehenengo Inutilaren Eguna. "Esan beharra dago Tomas Huizik herriko gazteak asko lagundu zituela, berak egin zuen inutilen estatutuak, aldarrikapen egun bat nola izango litzatekeen azaldu zien...". Festa eta aldarrikapen egun bat izan zen, eta egun hori aitzaki hartuta biltzen jarraitu zuten


Inutillan egune. UTZITAKOA

Gazteek zituzten beharrak begiratzen hasi ziren. Jaso dutenaren arabera, lehenengo asanblada 1982. urtean egin zuten. "Kide gehienak inutilak edo Jarrai-tik etorritako asko izan ziren, kontzientzia politikoa zuten. Egoki ikusten zuten garai hartan Jarraik lantzen ez zituen eremu desberdinak lantzeko". Helburua zabaltzea zen, gazte gehiagok parte hartzea eta gazteek zituzten behar eta eremu desberdinetan lan egitea. Pixkanaka-pixkanaka gazte berriak sartzen hasi ziren eta garai hartako "panoramaz" kontzientzia hartzen hasi ziren. "Esan beharra dago, hasiera horretan gehienak gizonezkoak zirela; oso emakume gutxik parte hartzen zuten".

Gaztetxeak
"Hasiera horretan, 1982. urtetik 1990ko hamarkadara, ez dakigu ongi non biltzen ziren. Badakigu HBko egoitza zen kaxeta erabiltzen zutela bilerak egiteko, baita elkartetan elkartzen zirela ere". Gazte Asanbladako kideek jakin dutenez, garaiko asanbladaren eta udalaren arteko harremana "ona" zen, "HB zegoenean". "Kontatu digutenez, ez zegoen eskaintza kultural handia edo aisialdiari bideratutakoa, orduan, zuten azpiegitura bakarrenetarikoa zinema zen".

Gazteek gaur egun Etxarri Aranazko kultur etxea dena, garaiko zinema, kudeatzen hasi ziren. "Ostegunero pelikulak ematen zituzten, eta gero kontzertuak antolatzen hasi ziren". Beraien lokala balitz bezala erabiltzen zuten. Udaletxearekin batera hilabete batzuetan gimnasioa eta zenbait ekimen eta jarduera antolatzen zituzten ere, "betiere espazioa zinea zen". Zineak hutsunea betetzen zuen, "baina ez zituen beraien behar batzuk asetzen. Beraiek nahi zuten espazio bat, gaztetxe bat". Orduan, Zirkulo Katolikoa deitzen zen eraikina okupatu zuten.


Gaztetxe zaharra. UTZITAKOA

Lehenengo gaztetxe hark oso gutxi iraun zuen: "Datak ez dakizkigu oso ongi, baina uste dugu 1997an okupatu zutela eta 1999an erori zela". Hasiera batean eraikin hori herriarena zen, baina 1936ko gerraren ondoren Frankistek herriari kendu eta beraiendako hartu zutela azaldu dute gazteek. "Zirkulu Katolikoa deitzen zen". Etxarri Aranatz "herri txiki bat izanda", ez zeuden okupatzeko espazio asko eta etxe hori erortzen ari zela eta zaharra zegoela ikusten zutenez, "okupatzeko aukera on bat zen".

Eraikina elizarena zen, eta okupazio saiakera asko egon zirela esan dute asanbladako kideek. "Elizak herriko gazte batzuk okupatzen saiatzeagatik epaiketara eraman nahi zituen, baina udalaren laguntzarekin, udalak bitartekaritza lana egin zuen, eta ezerezean gelditu zen". Azkenean, egun bat eta ordu bat jarri zuten, "ostiko bat eman eta gaztetxe horretan sartu ziren". "Asko jota" bi urte eta gutxi gehiago iraun zuen, "baldintza oso txarretan zegoen, eta teilatua erori zenean, gaztetxea utzi zuten"

Hamabost urte

"Sentitzen zuten espazio baten beharra zutela haien gauzak antolatzeko"

Lehenengo gaztetxe horren esperientziaren ondoren, "kristoren beherakada" egon zela aitortu dute gazteek. "Zirkulo Katoliko gaztetxe zaharrean egon ziren gazte batzuk eta gazte ziren beste batzuk asanblada aktibatzeko prest zeuden, eta nolabaiteko transmisioa egin zuten. Lanketa desberdinak egiten hasi ziren". 1999tik 2007ra "tarte handia dago" eta asanbladak Udaberri elkartean egiten hasi ziren, baita herriko zenbait elkartetan ere biltzen ziren. "Sentitzen zuten espazio baten beharra zutela beraien gauzak antolatzeko, eta moskeo kanpaina bat hasi zuten". Hasieran galdera ikurrak agertu ziren, ondoren Noizko? kartelak eta, azkenean, Gaztetxea noizko? galdera zehatza. "Udalarekin eztabaida prozesu bat hasi zuten, eta udalak espazio bat emango ziela esan zien".


'Eta Gaztetxea noizko?' prentsaurrekoa. UTZITAKOA

Sei urte egon ziren gaztetxearen zain. Gaur egungo gazte asanbladako kideek azaldu dutenez, garaiko kideak "azkenerako nazkatu ziren" eta tartean gaztea asanbladatik atera zen talde bat egon zen, "asanbladarekin kontatu gabe", alkateari eta zinegotziei mehatxu gutunak bidali zizkienak.. "Horren eraginez eta udalari egin zioten presioaren eraginez matadero zahar ondoko giltzak lortu zituzten. Lehen udalaren biltegia zen". Aipatu dutenez, udaletxearekin ez zen arazorik egon, baina udal langileak ez omen zeuden bertatik material guztia ateratzeko prest. "Zinegotziak presionatu zituzten, giltzak lortu zituzten eta uztailean, festak baino aste bat lehenago, dena hustu zuten, kamioneta batean muntatu eta poligonoan udalak egin zuen pabilloi batera eraman zuten".

"Aipatzekoa da garai hartako gazteak zirenak esaten dutela gaztetxean egin zuten parranda hoberena izan zela okupatu eta aste batera, festetan, Kaotikok jo zuela eta edukiera baina sarrera gehiago saldu zituztela, 500 bat sarrera". 2006. urtean sartu ziren, eta 2007ko ekainaren 7an mustu zuten Etxarri Aranazko Gaztetxea, duela hamabost urte.

Inertzia
Besteak beste, orain Eider, Uxune, Aratz eta Intzara gazteek osatzen dute Gazte Asanblada. Belaunaldi aldaketak "inertziaz" izaten direla azaldu dute. "Gu sartu ginen asanbladan ezagunak genituelako: anai-arrebak, lehengusu-lehengusinak... Eta orain sartu diren gazteekin berdin gertatu da; norbaitekin harreman estua dute eta inertziaz gertatzen da". Nola egiten da aldaketa? "Gaztetxean gelditzen diren zaharrenak ikusten dutenean bermaturik gelditzen dela, uzten dute". Inertzia. "Egia da guk pandemiaren ondoren gazte batzuei komentatzen egon gintzaizkiola, egoeragatik gaztetxoei sartzea guri baino gehiago kostatu zitzaielako".

Asanbladaren bitartez antolatzen dira, eta datak gerturatzen diren bitartean nola antolatuko duten prestatzen dute. "Bakoitzak proposamenak botatzen ditu eta kontuan hartzen dira". Denen artean hitz egiten dute eta erabakitzen dute. Batzarrak ostiraletan egiten dituzte, normalean, neguan 22:00etan eta udan, "futbito txapelketa hasten denez", 17:00etatik 18:00etarako inguru horretan. Talde "motorrean" hamabost edo hogei bat lagun daude, baina edozein ekimenerako laguntza behar badute herritarren laguntza eskatzen eta jasotzen dute.

Bizitasuna

"Parrandarako toki bat baino gehiago da; herriari bizitasuna ematen diogu"

"Gaztetxea juerga egiteko leku bat dela pentsamendu hori dago, baina guk asanbladatik esaten dugu gaztetxea ez dela bakarrik horretarako; gaztetxeak askoz ere gehiago ematen dio herriari". Kontzertuak ez ezik, hitzaldiak, filmen proiekzioak, mendi martxak eta abar antolatzen dituzte. Urteurren ospakizunen barruan ere dokumentala aurkeztuko dute. "Herriari bizitasuna ematen diogu. Udaletxeak bere gauzak antolatzen dituen bezala, gaztetxeak beste gauza batzuk antolatzen ditu".


Inutillan eguna. UTZITAKOA

Udalaren eta Gazte Asanbladaren arteko elkarlana izaten da: "Adibidez, urteurrenerako udalaren laguntza izan dugu, eta urtean zehar antolatzen ditugun ekimenetan haren laguntza izaten dugu ere". Udalari herria bizirik mantentzea interesatzen zaiola eta Gazte Asanbladari udalaren laguntza izatea interesatzen zaiola azaldu dute. "Ez bakarrik udalarena, tabernekin eta beste eragileekin ere elkarlanean aritzen gara. Baita herritarrekin ere, beraien proposamenak iristen zaizkigu". Euskal festarekin, esaterako, asanbladakoa ez den jende asko inplikatu dela esan dute. "Sukaldea, ticketera, barra, seguritatea... Asanbladako jendearekin bakarrik ezinezkoa izango zen". Azken urtetan "gorakada" egon dela esan dute. "Asanbladak gora-beheratsuak izaten dira, eta egon dira urte batzuk erantzuna izatea kostatu izan zaigunak. Baina azken urtetan erantzuna oso ona izaten ari da".

Urte berezia
Urtea antolatzerako orduan, zenbait data urte batetik bestera aurreikusten dituzte, gehien bat festen datak, urtero berdin ospatzen direlako: "Kintadak, ihoteak, euskal festak... gutxi gorabehera badugu egutegi bat data zehatzekin, eta gero hortik aurrera beste zenbait gauza antolatzen joaten gara".


Kintoak muralaren aurrekaldean. UTZITAKOA

Asteburu honetan, ekainaren 3an, 4an, 5ean eta 7an, asteartea, eginen dituzte urteurren ospakizun nagusienak. Ostiralean Zea Mays eta Pureposse taldeen kontzertua egon zen, eta, larunbatean, Euskal festarekin batera, besteak beste, jaialdi erraldoia antolatu zuten: Kaleko Urdangak, Unidad Alavesa, Kop, Los Zopilotes Txirriaus eta DJ Tirri ta Tery taldeak ariko dira. 900 sarrerak agortu ziren. Igandean haurren eguna izanen zen eta gaur, asteartea, gaztetxearen urteurren eguna, gazte asanbladaren eta gaztetxearen historiaren erakusketa eta ohorezko aurreskua eginen dute. Ekimen hauek antolatzeko talde berezia sortu zuten, eta ideia zen jende guztia bere lekua izaten ari da.

Asteburukoak ez dira urteurrenak ospatzeko egin dituzten bakarrak. "Urte berezia" izan da, eta hamaika ekimen egin dituzte. "Konfinamendutik atera ginean dinamika aldaketa egon zen. Utzita bezala zegoen. Martxa hartzea kostatu zitzaigun, baina behin martxa hartu genuenean, nahiko ongi funtzionatzen du, eta gauza asko egin ditugu".

Jarduera hauekin "herriaren eta gaztetxearen" arteko harremana "estutzen" joan nahi izan dute, eta hitzaldiak, bertso afaria, kontzertu akustikoak, bakarrizketak, zozketak, haurrendako ekimenak eta abar egin dituzte. "Nabaritu dugu jendea prest eta animatuta dagoela antolatu ditugun gauza guztietan parte hartzera". Esaterako, asteburuan eginen diren ekimenendako txanda guztiak bete dira. "Asanbladan ibilitakoei esan genien, eta ilusio egin zien laguntzea".

Dokumentala
Ostiralean mustu zuten Etxarri Aranazko Gazte Asanbladaren eta gaztetxeen historia biltzen duen dokumentala. "Gaztetxearen bilakaera eta hasiera nola izan zen ikusiko da, historia, argazki zaharrak...". Protagonistetara jo dute dokumentala sortzeko: "Etapa bakoitzeko pertsona bat edo bi biltzen eta elkarrizketatzen saiatu gara. Hortik jaso dugu informazioa"