Eguna iritsi da: ekainaren 16an, ostegunean, San Adrian eguna opatuko dute Etxarri Aranatzen. 09:00etan udalbaltzaren kalejira aterako da udaletxetik San Adrinera. 11:00etan Fritada eginen dute eta 12:00etan elizkizuna eginen dute. 13:00etan dantza taldearen emanaldia izanen da eta 15:00etan bazkariak hasiko dira. 17:00etan, txistulariek erronda mahaiz mahai eginen dute, eta 18:00etan kintoen Dantzakia izanen da. 19:00etan erromeria herrirantz abiatuko da eta, bertan, 20:00etatik 21:00etara eta 22:00etatik 02:00etara, Trikiteens taldearen emanaldia izanen da.
Udalaren oharrak
San Adrian ospakizunean izaten da mendian norekin bazkaldu ez duen herritarrik, eta horregatik aurten Etxarri Aranazko Udalak bere mahaian bazkaltzeko aukera eman du. Aukera hori baliatu nahi dutenek udaletxetik pasa eta 35 euro ordaindu beharko dute. Izena emateko eta ordaintzeko epea asteartean, ekainaren 14an, 14:00etan amaituko da. Hamabost pertsonarendako tokia egonen da. Udalak jakinarazi duenez, mahaian ez da zerbitzaririk egonen eta, beraz, mahaikideen artean zerbitzatu eta jasoko dute mahaia.
Bestetik, Etxarri Aranazko Udalak hainbat ohar egin nahi izan ditu. Alde batetik, festa herritar guztiek ospatu ahal izateko, haren prestaketa etxeko andreen bizkar ez uztea eskatu du eta, beraz, prestaketan "denok inplikatzea" eskatu du. Alkoholaren kontsumo arduratsua egitera deitu du eta, gaztigatu du, mostoa ere banatuko duela. Bide batez, udalak gogoratu duenez, "Etxarri Aranatzen ez dugu eraso matxistarik edo bestelakorik onartzen".
Ingurumenari lotutako oharrak ere egin ditu udalak. Batetik, bazterrak "garbi garbi uzteko zabor guztia jasotzea" eskatu du, baita "zikinkeria arrastorik inon ez uztea". Jakinarazi duenez, udaletxeko mahaian hautsontzi eramangarriak egonen dira, zigarrokinak lurrera ez botatzeko. Bestalde, udalak eskatu du mahaiak eta bestelako tresnak hurrengo egunerako jasotzeko. Urtero moduan zaborra jasotzeko edukiontziak jarriko ditu Sakanako Mankomunitateak: ontzi arinak (horia), errefusa (berdea) eta organikoa (marroia). Haietara hondakinak ongi sailkatuta botatzeko eskatu du udalak: "ontzi arinak eta errefusa poltsa transparenteetan bota, eta organikoa poltsa biodegradableetan. Udalaren mahaian poltsak eskura egongo dira. Azkenik, kristala norberak herrira bueltan eraman beharko du".
Ibilgailuekin zerikusia duten hainbat ohar ere egin ditu udalak. Batetik, autoak partekatzeko deialdia. Bestetik, udalak nabarmendu duenez, "segurtasun arrazoiengatik komeni da basoan ahalik eta kotxe gutxien egotea komeni da". Argitu duenez, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean hara joateko ez da basoko txartelik beharko. Horrekin batera gidariendako zenbait oharra egin du udalak: "aparkatzean ez kendu tokia oinezkoei eta utzi pasa beste autoei. Autoekin bideetatik ez atera, ezpondak ez kaltetzeko eta lohirik ez sortzeko. Azkenik, arratsaldean komeni da herrira joan nahi duten autoak udalaren kamioaren aurretik ateratzea, hau da, 19:00ak baino lehen, gero oztoporik ez sortzeko".
Azkenik, Etxarri Aranazko Udalak basoan sua neurrian egin eta jatekoak prestatzeko suak partekatzeko gonbidapena egin du, horrela, "basoan ahalik eta kalte gutxien sortzeko". Sua non egiten den kontuz aukeratzeko aholkua eman du udalak: "ez surik egin zuhaitz txikien ondoan, suak estres hidrikoa eragiten duelako".