Etxarriko Gazte Asanbladari esker onik baino ez

Igor Artieda Galdeano, Susanna Sureda Romero eta Iñigo Orella Altzueta 2022ko eka. 13a, 11:16

Lerro xume hauetatik herritar gisa gure esker ona, zoriontze eta aitortza zintzoa adierazi nahi dizkiogu Etxarri Aranazko Gazte Asanbladari hamarkadetan egindako lan ikaragarriagatik eta bereziki herriari emandako asteburu bikainagatik.

Behin baino gehiagotan aditu behar izan ditugu kritikak egungo gazteriari buruz, baina guk harro esan dezakegu herriko gazteak bizirik zaudetela, Etxarri biziarazten duzuela eta herriari zuen onena eskaintzen diozuela. Antolakuntza maila eta ardura izugarria erakutsi duzue, belaunaldi desberdinetako jendea auzolan erraldoian batuz. Gaztetxe eta Asanbladaren urteurrena ospatzeko egitaraua kalitatekoa eta anitza izan da, adin eta izaera desberdinetan pentsatuz.

Ziur bidean eragozpen batzuk sortu direla, baina zuen alderik hoberena erakutsi duzue oztopoak gainditzeko. Festa mundu guztiarentzat ahalik eta erosoen izan zedin eta herria txukun gera zedin ahalegindu zarete. Herritar askorentzat asteburu honen oroitzapen oso polita geldituko zaigu.
Herritik herriarentzat auzolanean autogestio eta herrigintza ariketa itzela gauzatu duzue komunitatea erdigunean jarriz. Demontren poleki!

Zorionak eta infernuko sube auspotzen sei ziaun!