Sakanako euskarazko literaturaren gala

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko eka. 14a, 12:40
2022ko Maria Markotegi eta Nanoipuin lehiaketen irabazleak.

Pandemiagatik bi urteko etenaldiaren ondoren, aurten Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak antolatutako Maria Markotegi eta Nanoipuin literatur lehiaketen sari banaketa emanaldia egiteko aukera izan dute, Etxarri Aranazko kultur etxean.

"Badakizue noiz sortu zen alfabetoa? Duela sei mila urte agertu ziren Mesopotamian idatzitako lehendabiziko zeinuak, baina asmakuntza honen jatorria isiltasunaren eta misterioaren lainopean dago". Egipton, Indian eta Txinan modu independientean idazkera sortu zen. Lehenengo zeinu horien helburua "jabeen ondasunen zerrendak" egitea zen. Baina arazo bat sortzen zen: marrazki gehiegi behar ziren. "Konponbidea giza jenialtasunik handienetako bat izan zen, originala, sinplea eta ondorio kalkulaezinezkoa: hitzen soinuak marrazten hasi ziren". Letrak konbinatuz hizkuntzaren "partiturarik perfektuena erdietsi dugu". Alfabetoa. "Baina letrek ez dute inoiz atzean utzi marrazki eskematikoen iragana: D letrak ate bat irudikatzen zuen, M-ak uraren mugimendua, N-ak sugea eta O-k begia. Gure testuak paisaiak dira".

Irene Vallejoren Infinitua ihi batean hartutako eta Fernando Reyk itzulitako testuarekin hasi zuen Amaia Amilibia aurkezleak Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak antolatutako Maria Markotegi eta Nanoipuin literatur lehiaketen sari banaketaren emanaldia, Etxarri Aranazko kultur etxean. Pandemiaren eraginez, azken bi urtetan ezin izan dute ekitaldirik ospatu eta, ondorioz, egun berezia izan zen astelehena.

"Banatuko ditugun sariak urte luzez sortzaile gazteen hauspoa izan dira". David Oroz Sakanako Mankomunitateko presidenteak hartu zuen hitza: "Helburu hori lehen bezain funtsezkoa da edo, areago, beharrezkoagoa litzateke gaur egun ere". Euskarazko kulturgintzaren transmisioan etena geratzen ari dela azaldu zuen Orozek, "Mankomunitatean argi dugu sormenean zein transmisioan eragile izan nahi dugula". Euskara hutsean eskolatutakoen kopuruak gora egin arren eta euskaltegian euskalduntzen ari den jendearen kopuruak gora egin duen arren, euskarazko hizkuntza gaitasunak "behera" egin duela azaldu zuen, "eta ez da gauza bera euskara jakitea edo euskaldun izatea". Hutsune horri erantzuteko asmoz antolatzen ditu Mankomunitateak Maria Markotegi sariak eta Nanoipuin lehiaketa. "Gure asmoa da euskal kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea".

Maria Markotegi Sariak Sakanako ikastetxetan ikasten duten haurrei eta gazteei bideratutako lehiaketa da. Narrazio, poesia, komiki eta booktube sailak daude, eta sortzaileen ikasmailaren arabera banatuta daude. Sakanako ikastetxetako ikasleek parte hartzen dute: Atakondoa, San Migel, Lakuntzako Herri Eskola, Arbizuko Herri Eskola, Andra Mari ikastola, San Donato ikastetxe publikoa, Urdiaingo Herri Eskola, Jesusen Bihotza ikastetxea, Iñigo Aritza ikastola, Zelandi ikastetxe publikoa, Altsasu institutua eta Domingo Bados ikastetxe publikoa. Bestetik, Nanoipuinak lehiaketa euskaltegian euskara ikasten ari diren edota Mintzakide programan parte hartzen duten euskara ikasleei bideratuta dago eta ikasmailaren arabera sailkatzen dira ere lanak.

2022ko edizioa
Aurten Maria Markotegi sariketara 580 lan aurkeztu dituzte, guztira; 338 narrazioa sailan, 22 poesia sailan, 176 komiki sailan eta 44 booktube-an. AEKko Itsasi euskaltegikoen eta Mintzakideen artean 60 lan aurkeztu dituzte; lehenengo mailan 25, bigarren mailan hemeretzi eta hirugarren mailan hamasei.

Epaimahaiko kideak Toñi López eta Izaskun Etxeberria literaturan, Joxemari Morcillo eta Olatz Aldasoro komikian eta Katrin Ginea eta Aitor Karasatorre booktubean izan dira. Euskara zerbitzuak 2.380 euro banatu ditu lan onenak saritzeko. Guztira, 29 lan izan dira sarituak. Parte hartzaile guztiek oparitxoa jaso dute.