Txirrindularitza

Mulu Kinfe Hailemichaelek koska bat gora egin du

Guaixe 2022ko eka. 20a, 12:40
Mulu Kinfe, garaipena ospatzen. RURAL KUTXA-ALEA

Etxarri Aranatzen bizi den Rural Kutxa-Alea taldeko etiopiarrak Extremadurako Itzulia irabazi du

Etxarri Aranatzen bizi den Mulu Konfen Hailemitxael txirrindulari etiopiarrak (Rural Kutxa-Alea) gora egin du. Ekainaren 5ean Ataungo San Martin Proba irabazi zuen, eta ostiralean Extremadurako Itzuliko hirugarren etapan, etapa garrantzitsuenean, garaipena lortu zuen, lasterketa ezin hobeki irakurri eta behar zuen unean erasoa jo eta gero. “Etapa gogorra izan da, beroagatik batez ere, baina taldeak oso ongi egin du lan eta beraiei esker lortu ahal izan dut garaipena” azaldu zuen ostiralean. Garaipena lortzeaz gain, Extremadurako Itzuliko lidergoa lortu zuen Muluk, Itzulia bukatu arte mantendu duena, Rural Kutxa-Aleako taldeek ongi babestuta. Lau segundo atera dizkio Romaric Forquesi. 

“Oso pozik nago garaipenarekin. Extremadurako itzulia irabaztea oso garrantzitsua da niretako eta taldearendako. Taldekideek gogor lan egin dute garaipen hau lortzeko eta eurei esker lortu dut garaipena” zioen txirrindulariak, eskertuta. 

Etxarrin
Mulu Konfen Hailemitxaelek Egoi Martinezen familia bere egin du. Txirrindularien ordezkaria da etxarriarra, eta hortik izan zuen Muluren berri. "Muluk idatzi zidan eta berarendako Delko taldea lortu genuen Frantzian. Baina pandemia iritsi zen, etxera itzuli eta Etiopian gerra hasi zen, eta itzuli eta taldea desagertu zen. Aurten Rural Kutxa-Alea afizionatuen taldean hasi da, profesional izateko ametsarekin" azaldu zuen Egoi Martinezek Guaixen urte hasieran egindako erreportajean. 

Denboraldi polita egiten ari da Mulu. Gustura dago Etxarri Aranatzen, lasai, eta bere errendimenduan nabaria da. Afizionatuen Nafarroako Itzulian ihesaldietan ikusi genuen –San Migelgo igoerari ihes eginda zegoela ekin zion–, Beasaingo Loinaz Proban hirugarren izan zen, Ataungo San Martin Proba irabazi zuen, Seguran hirugarren izan zen eta, orain, Etxtremadurako Itzulia irabazi du.