Mendia

Pirinioetako udako bi irteeratara animatu du Larrañetak

Guaixe 2022ko eka. 27a, 12:30
Sakanako Mendizaleak Pirinioetan, Lakartxelan. ARTXIBOA

Uztailaren 2tik 3ra Belaguako aterpean hartuko dute aterpe eta uztailaren 16tik 17ra Linzan. Izena ematea lehenbailehen egin behar da aterpeak eta bestelakoak lotu ahal izateko

Urtero bezala, udan Pirinioetara bi irteera antolatu ditu Etxarri Aranazko Larrañeta Mendi Taldeak, eta mendizaleak bertan aritzera animatu ditu.

Lehen irteeran, uztailaren 2an Lakorako zirkularra osatu nahi dute mendizaleek, eta Belaguako aterpean gaua pasatu eta gero, uztailaren 3an Belaguako Zirkularrari ekitea da helburua.

Bigarren irteera bi aste barru izanen da. Uztailaren 16an Linza inguruko La Mina ibilbidea egitea da asmoa, eta Linzako aterpean lo egin eta gero, uztailaren 17an La Pakiza de Linza izeneko zeharkaldia egingo dute.

Aipatutako bi irteeratan izena ematea zabalik dago –686 662 241 (Pedro) eta 680 702 174 (Manolo)–. Lehen irteerarako ekainaren 28 baino lehen eman behar da izena, eta bigarren irteerarako uztailaren 12a baino lehen, aterpea eta autobusa lotu ahal izateko.