Mendi lasterketak

Becerraren eta Urrutiaren erakustaldia Triku Trailean

Maider Betelu Ganboa 2022ko eka. 27a, 14:00

Becerrak ia hiru minutu atera zizkion Xabier Zarranzi eta Urrutiak 12 minutu Leire Elolari. Sakandarren artean Eukeni Goikoetxea, laugarren, eta Marina Zabala, hirugarren, izan ziren onenak

Izena emanda zeuden 247 korrikalarietatik 190 korrikalarik hartu zuten irteera Triku Trailean. Euria iragartzen zuten, eta agian horrek atzera egin zion bati baino gehiagori, baina azkenean ateri mantendu zen, fresko, korrika egiteko eguraldi bikaina. Hori bai, lurra irristakorra zegoen probak zituen 21 kilometrotan (2.800 m desnibel +). 

Probari abiadura handiz ekin zioten korrikalariek. Guztien artean Walter Becerra (Sestao) nabarmendu zen. Hegan egin zuen bizkaitarrak. Lasai asko iritsi zen Lizarrusti pareko hornidura gunera, bakarrik, eta hala jarraitu zuen helmugaraino (1:45:34). Ia hiru minutu atera zizkion atzean segika zuen Ilunberriko Xabier Zarranzi (1:48:26). Aimar Otxoteko lesakarrak osatu zuen podiuma (1:50:01), atzean gertu zuen Eukeni Goikoetxea altsasuarrari segundo batzuk aterata (1:50:14). 

Emakumezkoetan duela aste pare bat Lakuntza-Aralar irabaztetik zetorren Ainara Urrutia aretxabaldarrak ez zuen areriorik izan (2:08:00). 12 minutu atera zizkion Leire Elola tolosarrari (2:20:34). Hirugarren Marina Zabala lakuntzarra izan zen (2:25:26). 

Bestalde, Asier Estarriaga (2:03:18), helmugan hamazazpigarren, eta Eneritz Karasatorre (2:31:09) izan ziren lehen etxarriarrak.